Uraren gaia itxi du Zaldibiako Udalak, ur zikinen sarea Kontsortzioan sartuta
Zaldibian edateko uraren eta ur zikinen gaiak azken legealdietan sortu duen ika-mika itxitzat eman du Udalak. Otsailean Gipuzkoako Ur Kontsortzioan sartu zen Zaldibia, baina hondakin uren kudeaketarako bakarrik. Ur zikinak biltzea, bideratzea eta Legorretako araztegian garbitzea utzi du Udalak Kontsortzioaren esku. Bien bitartean, edateko urez hornitzeko eskumena Udalak mantenduko du. Sare osoa bukatzeko azken urratsa azken fasean du udalak, eta berehala dira hastekoak Aiestaran-Erreka auzoan hodiak sartzeko lanekin. Falta zen azken eremu hori eginda, herriko etxe «guztiek» ura baldintza egokietan jasoko dute. Udalaren gidaritza 2009ko abenduan hartu zuen Kudeaketa Batzordeak markatu zituen helburuetatik garrantzitsuenetakoa betetzat eman du. «Gure apustu fuertea uraren kontrola guk izatea da, gainera prezio sozial batean. Ur edangarria instalazio nahiko berriekin dugu, eta herritar guztiei ura kondizioetan emateko moduan gara, prezio duinarekin», esan du Ramon Nazabal udalburuak. Edateko uraren gestio guztia Zaldibiako Udalak egingo du, udalerriko baliabide hidrologikoekin eta azpiegiturekin. Aiestaran-Errekan hoditeria sartzeko obrak emanda daude, eta eraikitzailea lanean hastekotan da. Iaz onartutako inbertsioa da hori. Bestetik, ur zikinen tratamendua Ur Kontsortzioak hartu du bere gain. Gaur egungo estolderia erakunde horri eman zaio, eta hark osatu beharko du herriko estolderia kolektore nagusiarekin lotzeko falta den zatia, Arotxaneko udal araztegitik Ordiziako Orkli pareraino. «Obra hori partzuergoaren esku dago [...]
Zaldibian edateko uraren eta ur zikinen gaiak azken legealdietan sortu duen ika-mika itxitzat eman du Udalak. Otsailean Gipuzkoako Ur Kontsortzioan sartu zen Zaldibia, baina hondakin uren kudeaketarako bakarrik. Ur zikinak biltzea, bideratzea eta Legorretako araztegian garbitzea utzi du Udalak Kontsortzioaren esku. Bien bitartean, edateko urez hornitzeko eskumena Udalak mantenduko du. Sare osoa bukatzeko azken urratsa azken fasean du udalak, eta berehala dira hastekoak Aiestaran-Erreka auzoan hodiak sartzeko lanekin. Falta zen azken eremu hori eginda, herriko etxe «guztiek» ura baldintza egokietan jasoko dute.
Udalaren gidaritza 2009ko abenduan hartu zuen Kudeaketa Batzordeak markatu zituen helburuetatik garrantzitsuenetakoa betetzat eman du. «Gure apustu fuertea uraren kontrola guk izatea da, gainera prezio sozial batean. Ur edangarria instalazio nahiko berriekin dugu, eta herritar guztiei ura kondizioetan emateko moduan gara, prezio duinarekin», esan du Ramon Nazabal udalburuak.
Edateko uraren gestio guztia Zaldibiako Udalak egingo du, udalerriko baliabide hidrologikoekin eta azpiegiturekin. Aiestaran-Errekan hoditeria sartzeko obrak emanda daude, eta eraikitzailea lanean hastekotan da. Iaz onartutako inbertsioa da hori.
Bestetik, ur zikinen tratamendua Ur Kontsortzioak hartu du bere gain. Gaur egungo estolderia erakunde horri eman zaio, eta hark osatu beharko du herriko estolderia kolektore nagusiarekin lotzeko falta den zatia, Arotxaneko udal araztegitik Ordiziako Orkli pareraino. «Obra hori partzuergoaren esku dago orain, beraiei dagokie. Eta, bidez batez, horrekin batera bidegorria egiteko agertu zuten asmoa garatzea izango litzateke borobila», dio Mikel Luloaga batzordekideak.
Udalak urtean 115.000 euro ordainduko dio Kontsortzioari zerbitzuagatik –kanona 27.000 eta garbiketa 88.000–, ur zikinak tratatzen hasten direnean.
Biloreren auzian 680 sinadura
Zaldibian gaur dagoen arazo bat Bilore lantegi zaharraren egoera da. Zaldibiako Udaleko Kudeaketa Batzordeak esan duenez orain hilabete eskatu zien ofizialki Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari bilera egiteko, eta «inolako erantzunik ez» dutela eman deitoratu du.
Lantegi barruan «sakeoak segitzen» duela aitortu du Nazabalek. «Erortzeko arriskuan dago». Lapurreta-mugimendua sumatzen duten bakoitzean faxa bidaltzen du Udalak ertzain-etxera, konstantzia gera dadin. «Baina hori ez da soluzioa. Aldundiak eta Jaurlaritzak konpromisoa hartzea eta lurzoru kutsatua garbitzea da soluzioa», dio Luloagak.
Konpromiso horren eta irtenbidearen eske 680 zaldibiarrek sinatu dute agiria. Protestak bi erakundeen atariraino eramatea aztertzen ari da udala orain.













