Pertsona gorrei egokitutako lehen kontzertua egingo dute Ordizian
Egin izan dira pertsona gorrei egokitutako antzezlan eta film laburren emanaldiak Euskal Herrian, baina kontzerturik ez oraindik. “Guk dakigula, behintzat, ez”, adierazi du Urko Ruiz de Apodakak, Ordiziarrock jaialdiaren antolatzaileak. Aurreneko aldiak noizbait izan behar zuen, eta egun hori ekainaren 17a izango da. Funky Punkie Party Clowns taldea (Malaga, Espainia) igoko da Ordiziako Herri Antzokiko oholtzara, eta gorreria maila ezberdinak dituztenek entzun ahal izango dute emanaldi berritzaile hori. Ordiziarrock musika jaialdiak zortzi urte beteko ditu aurten, eta urtez urte bilakaera oparoa izan du. Udazken partean egin izan dute orain artean, baina aurten ekainera pasatu dute, Ordiziako gaztetxearen 25. urteurreneko jaialdi nagusiari udazkenean lekua egiteko. “Hori da beste urte garai batera aldatzeko arrazoi nagusia”. Ordiziarrock “haziz baino gehiago zabalduz” joan den jaialdi bat da; lehen, herriko taldeak biltzen zituen rock kontzertuen gune zen, baina azken urteotan jazz eta blues musikak ere hartzen hasi da. “Konturatu ginen 15 urteko gazteetatik 80 urteko jendearengana iristeko gai ginela, eta, behin hori lortuta, geure buruari galdetu genion ea zer kolektibok ezin zuen gozatu gure jaialdiarekin, eta kolektibo hori pertsona gorrena zen”. Hasieran “ideia eroa” eman zezakeena egia bihurtzeko bidean da. Interneten ikusi zuten bazela beraiek buruan zuten ideia dagoeneko gauzatua zuen talde bat, Funky Punkie [...]
Egin izan dira pertsona gorrei egokitutako antzezlan eta film laburren emanaldiak Euskal Herrian, baina kontzerturik ez oraindik. “Guk dakigula, behintzat, ez”, adierazi du Urko Ruiz de Apodakak, Ordiziarrock jaialdiaren antolatzaileak. Aurreneko aldiak noizbait izan behar zuen, eta egun hori ekainaren 17a izango da. Funky Punkie Party Clowns taldea (Malaga, Espainia) igoko da Ordiziako Herri Antzokiko oholtzara, eta gorreria maila ezberdinak dituztenek entzun ahal izango dute emanaldi berritzaile hori.
Ordiziarrock musika jaialdiak zortzi urte beteko ditu aurten, eta urtez urte bilakaera oparoa izan du. Udazken partean egin izan dute orain artean, baina aurten ekainera pasatu dute, Ordiziako gaztetxearen 25. urteurreneko jaialdi nagusiari udazkenean lekua egiteko. “Hori da beste urte garai batera aldatzeko arrazoi nagusia”. Ordiziarrock “haziz baino gehiago zabalduz” joan den jaialdi bat da; lehen, herriko taldeak biltzen zituen rock kontzertuen gune zen, baina azken urteotan jazz eta blues musikak ere hartzen hasi da. “Konturatu ginen 15 urteko gazteetatik 80 urteko jendearengana iristeko gai ginela, eta, behin hori lortuta, geure buruari galdetu genion ea zer kolektibok ezin zuen gozatu gure jaialdiarekin, eta kolektibo hori pertsona gorrena zen”.
Hasieran “ideia eroa” eman zezakeena egia bihurtzeko bidean da. Interneten ikusi zuten bazela beraiek buruan zuten ideia dagoeneko gauzatua zuen talde bat, Funky Punkie Party Clowns, eta, harremanetan jarri eta haien baietza jaso eta gero, aurrera egitea erabaki zuten.
Transmisiorako teknikak
Azpiegitura aldetik, “nahiko sinplea” da dena, “sinplea komatxo artean”, Ruiz de Apodakak dioenez. Funky Punkieko taldekideak ohartu ziren gorreria dutenek pertzepzioaren zentzua garatuago dutela, eta zenbait teknikaren bidez haien mezua irits zitekeela gorrengana. Batetik, 72 metro koadroko begizta magnetiko bat jarriko dute oholtzan, eta inplanteak eta audiofonoak dituztenek kontzertua bere hartan entzun ahal izango dute.
Erabat gorrak direnentzat, berriz, baxu azpikoen intentsitatea igotzen dute, eta gero puxika batzuk banatu, bibrazioak senti ditzaten. “Bibrazio horiek fisiko bihurtzeko, oihal bat jartzen dute bafleetan, eta, oihala mugitzen denez, bibrazioa ikusi egingo dute”. Argiekin ere jolas egiten dute teknikariek, eta, abestiaren istorioa ulertzeko, bideoklipak emango dituzte, azpidatziekin. “Ez da gorrentzako kontzertu bat, baizik eta gorrei egokitutakoa”, zehaztu du Ruiz de Apodakak.
Julian Rodriguez: -Gainditzen gorren elkarteko kidea
«Gorrok oso aukera gutxi dugu astialdian eta kulturan»
Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorrak biltzen ditu Gainditzen elkarteak, eta bertako ordezkaria da Julian Rodriguez Rojo. Bai bera eta bai elkarteko kideak «ilusionatuta» daude Ordiziarrocken ekimenarekin; batez ere, partaide aktiboak izango direlako.
Gorrentzat egokitutako lehen kontzertua egingo da ekainean Ordizian. Zer garrantzi ematen diozu ekimenari?
Gipuzkoako eta Euskal Herriko gorrentzat, ekimen garrantzitsua da, dudarik gabe. Gorrok oso aukera gutxi dugu astialdi eta kultura arloan, mugatuta gaude, eta horrelako kontzertu batek mugak gainditzen lagunduko du. Gainera, bertan parte hartu ahal izango dugu. Ez zen gauza bera izan, baina 2007an esperientzia musikal bat bizi izan genuen Tolosan, Frantziako talde batekin, eta interes handia piztu zuen ekimen hark.
Ilusionatuta zaudete, beraz.
Oso ilusionatuta; izan ere, orain arte parte hartu dugun ekimen kulturalak Gainditzenek berak antolatutakoak izan dira; sentsibilizazio asteak direla, keinu hizkuntzako film laburren jaialdia…
Kontzertuan parte hartuko duzuela aipatu duzu. Zertan oinarrituko da zuon parte hartzea?
Hasieratik ari gara parte hartzen, antolatzaileek guregana jo baitute gure presentzia bermatzeko eta iritzia eskatzeko. Kontzertuan ikusle aktibo modura parte hartuko dugu; hala ere, keinu hizkuntza erabiltzen duten pertsona gorrak ez ezik, zerbait aditzen dutenak ere joango dira, senideak ere bai, eta baita keinu hizkuntza ikasten ari diren ikasleak ere.
Ekimen kultural ugari antolatzen da Gipuzkoan, baina gorrei egokitutako lehena hau izango da.
Baztertuta sentitzen al da zuen kolektiboa?
Baztertuta? Ez dut uste aditz egokiena hori denik. Gorren kolektiboa ikusezina da, eta eguneroko bizitzan ditugun komunikazio mugak ikusarazi behar genituzke. Gizarteko espazio komunak denontzat egokituta baleude, guk gehiago parte hartu ahal izango genuke eguneroko bizitzan, eta kultur ekitaldietan ez gintuzke elkarte batek ordezkatuko, baizik eta banako modura parte hartuko genuke.
Erakundeek zer egin beharko lukete, edo egin dezakete, egoera horri buelta emateko?
Pertsona gorrek duten egiteko nagusia beren burua modu autonomoan garatu ahal izatea da, baina, horretarako, era guztietako informazioa jaso beharko lukete edozein unetan, gizarteko gainontzeko herritarrek jasotzen duten bezalaxe. Eta bigarrenik: gorroi informaziorako, autonomiarako eta baztertuak ez sentitzeko eskubidea aitortzen bazaigu, zergatik ditugu gure eguneroko bizimoduan gizarte parte-hartzea eragozten diguten komunikazio mugak?