Asteburuan hasita festa izango dute Urkia auzoan
Itsasondoko Urkia auzoan urteko aurreneko festa egingo dute asteburuan, Gurutze deunaren aitzakian. Zapatu arratsaldean bilduko dira auzotarrak. 18:00etan, suziria bota eta mus txapelketa jokatuko dute elkartean. Segidan, afaria izango dute, Laja eta M...
Itsasondoko Urkia auzoan urteko aurreneko festa egingo dute asteburuan, Gurutze deunaren aitzakian. Zapatu arratsaldean bilduko dira auzotarrak. 18:00etan, suziria bota eta mus txapelketa jokatuko dute elkartean. Segidan, afaria izango dute, Laja eta Mikel trikitilariek lagunduta.
Igandean ere, erromeri giroa izango da. Mezaren ondoren, hamaiketakoa egingo dute, Izer eta Lutxurdio trikitilariekin. Bazkalondoan, emakume eta gizonezkoen toka txapelketak jokatuko dituzte eta iluntzean ere, erromeria izango da.
Festa, asteartean, Gurutze deunaren egunean bukatuko dute, meza, bazkaria eta erromeria tarteko direla. Afarira edo bazkarietara joateko, 943 88 93 67 telefono zenbakira deitu behar da. Jaietan, antxumea zozkatuko dute.













