Gaur arratsaldean zabalduko dute Oianguren parkeko taberna
Orain hiru aste iritsi zen uda, eta horrekin batera, jendeak natur inguruetara joan eta otorduak kanpoan egiteko ohitura hartzen du, baldin eta patrikak horretarako aukera ematen badu. Gaurtik aurrera plan hori egiteko aukera izango da Ordiziako Oianguren parkean, izan ere, Pottoka taberna ezaguneko buru Aitor Urretak kudeatuko baitu taberna hori irailaren 30a arte. Okerrik ez bada, otamentxo batekin gozatzeko aukera izango da gaur arratsaldean, inaugurazio modura. Eguraldiak, hala ere, ez dirudi gehiegi lagunduko duenik. Udal korporazio berriak Oianguko taberna kudeatzeko deialdia egin du berriki herriko ostalari guztien artean, eta Urretari eman diote horretarako aukera. «Festak ere gainean ditugu, eta kaleko tabernan ere lan asko egongo da, baina gogo eta ilusio handiarekin heldu diot Oianguko tabernari», zehaztu du Urretak. Kalezulotik atera, eta horrelako leku batean lan egitea «pribilegioa» da Urretarentzat, eta horixe transmititzen du hizketan ari denean ere. Azken astean buru belarri ari dira Urreta eta haren ingurukoak taberna barrena eta ataria txukuntzen. Garbiketa lanekin hasi ziren, eta behin horiek egindakoan biltegia eta hozkailuak betetzen ari dira. Atzo arratsaldean ari ziren azken lan horiek egiten, eta gaurtik aurrera zerbitzua emateko moduan izango dira. Otorduak egiteko aukera Oianguko taberna egunero zabalduko dute, 11:00etan, eta harik eta bezeroak joan arte edukiko dute zabalik. [...]
Orain hiru aste iritsi zen uda, eta horrekin batera, jendeak natur inguruetara joan eta otorduak kanpoan egiteko ohitura hartzen du, baldin eta patrikak horretarako aukera ematen badu. Gaurtik aurrera plan hori egiteko aukera izango da Ordiziako Oianguren parkean, izan ere, Pottoka taberna ezaguneko buru Aitor Urretak kudeatuko baitu taberna hori irailaren 30a arte. Okerrik ez bada, otamentxo batekin gozatzeko aukera izango da gaur arratsaldean, inaugurazio modura. Eguraldiak, hala ere, ez dirudi gehiegi lagunduko duenik.
Udal korporazio berriak Oianguko taberna kudeatzeko deialdia egin du berriki herriko ostalari guztien artean, eta Urretari eman diote horretarako aukera. «Festak ere gainean ditugu, eta kaleko tabernan ere lan asko egongo da, baina gogo eta ilusio handiarekin heldu diot Oianguko tabernari», zehaztu du Urretak. Kalezulotik atera, eta horrelako leku batean lan egitea «pribilegioa» da Urretarentzat, eta horixe transmititzen du hizketan ari denean ere.
Azken astean buru belarri ari dira Urreta eta haren ingurukoak taberna barrena eta ataria txukuntzen. Garbiketa lanekin hasi ziren, eta behin horiek egindakoan biltegia eta hozkailuak betetzen ari dira. Atzo arratsaldean ari ziren azken lan horiek egiten, eta gaurtik aurrera zerbitzua emateko moduan izango dira.
Otorduak egiteko aukera
Oianguko taberna egunero zabalduko dute, 11:00etan, eta harik eta bezeroak joan arte edukiko dute zabalik. Pasieran dabiltzanek tragoren bat hartzeko aukera izango dute bertan, eta baita bazkaltzeko eta afaltzeko ere. Pintxoak, otartekoak eta plater konbinatuak emango dituzte, eta baita zutikako labean egindako oilasko errea ere. Oilaskorako bi menu jarriko ditu aukeran: oilaskoa, patatak, letxuga eta botila bat sagardo 12 euroan. Sagardoaren ordez xanpaina nahi duenak, berriz, 25 euro ordaindu beharko du.
Urretak ondo gogoan du garai batean zenbat jende igotzen zen Oiangura otordua egitera, eta azken urteetan ohitura horrek behera egin badu ere, ordiziarrei eta goierritarrei igotzeko deia egin die. «Zelaiak txukun daude, parrillak ere erabilgarri daude, eta bertako jendea igotzea besterik ez da falta», nabarmendu du.
Kaleko zinema
Otorduak ez ezik, bestelako zerbitzuak ere eskainiko dituzte. Eguzkia hartu ahal izateko etzaulkiak jarri dituzte tabernatik gertu, eta zenbait gautan filmak proiektatzeko asmoa ere badute.