Turismo arloko kalitate ziurtagiriaren programa aurkeztuko dute bihar
Eskualdeko zerbitzu turistikoa hobetzeko helburuarekin, Destinuko kalitate sistema integrala programa aurkeztuko diote bihar arratsaldean Urola Garaiko ostalaritza sektoreari. Urola Garaiko garapen agentziatik (Uggasa) jakinarazi dutenez, «gure eskualdea helmuga turistiko bezala finkatuz doa, zerbitzu eskaera gero eta zabalago batekin». Horregatik, eskaeraren joera berriari erantzuteko, eskainiko diren zerbitzuak kalitatearen eta berrikuntzaren ikuspegitik lantzeko apustua egin dute eskualdeko turismo eragileek. Asmo hauen berri emateko aurkezpena egingo dute, bihar, 18:00etan Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Eskualdeko turismo garapenaren arloan landuko diren ardatz nagusiak ondokoak izango dira: kalitatearekin konpromisoa, formakuntza, berrikuntza eta turismoarekin loturiko enpresen eta erakundeen arteko lankidetza publiko-pribatua. Azken puntu honetan ostalaritza, hotelak eta ostatuak, museoak eta beste baliabide turistikoak, hala nola, agentziak, tokiko bulegoak… harremanetan jarriko dituzte. Irailean hasiko dute programa eta lau urteko lanketa izango da. Parte hartzaileek ziurtagiria lehen urtetik jarri ahal izango dute euren erakusleihoetan. Gutxienez 15 pertsonako taldea behar dute, eta jakinarazi dutenez, talde hori jada osatuta dute. Hala ere, ateak irekita utzi dituzte parte hartu nahi duten guztientzat. Ez da hau, ordea, arlo honetan garatu duten kanpaina bakarra. Urte guztian zehar Anfitriones programa landu dute eskualdean, sektoreko profesionalak prestatzeko helburuz. 3-4 orduko moduloetan planteatu dute egitasmoa, eta arlo honetako enpresen behar desberdinetara egokitu dituzte ikastaroak, hala nola, [...]
Eskualdeko zerbitzu turistikoa hobetzeko helburuarekin, Destinuko kalitate sistema integrala programa aurkeztuko diote bihar arratsaldean Urola Garaiko ostalaritza sektoreari.
Urola Garaiko garapen agentziatik (Uggasa) jakinarazi dutenez, «gure eskualdea helmuga turistiko bezala finkatuz doa, zerbitzu eskaera gero eta zabalago batekin». Horregatik, eskaeraren joera berriari erantzuteko, eskainiko diren zerbitzuak kalitatearen eta berrikuntzaren ikuspegitik lantzeko apustua egin dute eskualdeko turismo eragileek. Asmo hauen berri emateko aurkezpena egingo dute, bihar, 18:00etan Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.
Eskualdeko turismo garapenaren arloan landuko diren ardatz nagusiak ondokoak izango dira: kalitatearekin konpromisoa, formakuntza, berrikuntza eta turismoarekin loturiko enpresen eta erakundeen arteko lankidetza publiko-pribatua. Azken puntu honetan ostalaritza, hotelak eta ostatuak, museoak eta beste baliabide turistikoak, hala nola, agentziak, tokiko bulegoak… harremanetan jarriko dituzte. Irailean hasiko dute programa eta lau urteko lanketa izango da. Parte hartzaileek ziurtagiria lehen urtetik jarri ahal izango dute euren erakusleihoetan. Gutxienez 15 pertsonako taldea behar dute, eta jakinarazi dutenez, talde hori jada osatuta dute. Hala ere, ateak irekita utzi dituzte parte hartu nahi duten guztientzat.
Ez da hau, ordea, arlo honetan garatu duten kanpaina bakarra. Urte guztian zehar Anfitriones programa landu dute eskualdean, sektoreko profesionalak prestatzeko helburuz. 3-4 orduko moduloetan planteatu dute egitasmoa, eta arlo honetako enpresen behar desberdinetara egokitu dituzte ikastaroak, hala nola, pertsonal aukeraketak edo inkestak egiten erakutsiz.
Orain, eskualdean bisitariak jasotzen dituzten guneen «kalitatearen kudeaketaren» inguruan apustua egin nahi Uggasak. Hori dela eta, Destinuko kalitate sistema integralari buruzko informazioa zabaldu nahi dute ostalarien artean, eta lan horretan Basquetour-en eta Euskalit-en laguntza izango dute.
Eusko Jaurlaritzak sustatua eta %100ean diruz lagundutako programa da abiaraziko dutena eta honen bitartez, enpresek sektoreko beste komertzio batzuekin esperientziak konpartitzeko gune bat izango dute. Horrez gain, eskaintzen dituzten zerbitzuen etengabeko hobekuntzan lan egiteko eta Kalitate Turistikoa ziurtagiria lortzeko aukera ere izango dituzte parte hartzen dutenek.
Bisita gidatuak
Beste alde batetik, udan Urola Garaiko zerbitzu turistikoetan egingo dituzten bisita gidatuen berri ere eman dute. Zazpi gunetan eskainiko dituzte bisita hauek: Mirandaolan, erleen eta artzantzaren ekomuseoetan, ogiaren txokoan, langileen ibilbidean, Txillida Lantoki museoan, Antioko baselizan eta Igartubeiti baserri-museoan. Batzuetan asteburuero programatu dituzte bisitak, baina beste batzuetan data zehatzak dituzte.
Langileen Ibilbidean uztailaren 28an eta abuztuaren 19an egingo dituzte bisitak; Antioko baselizan abuztuaren 19an, eta Igartubeitin uztailaren 15ean eta abuztuaren 26an.
Mirandaolako burdinola, bestetik, igandero jarriko dute martxan. Honez gain, Urretxu Kulturala izeneko ibilbideak ere eskainiko dituzte, herriko Alde Zaharra, San Martin de Tours eliza eta Urrelur museoa lotuko dituen ibilbidearekin. Uztailaren 22an eta abuztuaren 5ean egingo dituzte bisita gidatuak.
Informazio gehiago eskuratzeko edo bisitetan izena emateko Urola Garaiko turismo bulegoetara jo beharko da.













