Aritz Lasak Urretxun jokatuko du ostiralean Retegiren aurka
Aritz Lasa pilotari urretxuarrak 22-5 irabazi zion ostiralean Urrutikoetxeari. Lau t’erdiko pilota txapelketako lehen partida zuen urretxuarrak eta uste baino hobeto amaitu zuen.
Bermeon aurpegian jasotako pilotakadaren ondotik jokatzen zuen bigarren partida zuen Lasak. Urrutikoetxea ere lesio batetik osatu berri zegoen. Bientzako dudak planteatzen zituen partida zen, eta amaieran, urretxuarra izan zen duda horiek uxatu zituena. Lasak «ondo» ikusi zuen bere burua. Urrutikoetxea «justuago» somatu zuen. «hilabete zeraman geldirik eta hori somatu zuen. Berak hori baino gehiago jolasten daki, ziur, baina banakakoan, ondo ez baldin bazaude, gehiago igartzen duzu». Lasak bere lesioa jada «erdi ahaztuta» duela dio.
Hurrengo partida ostiral honetan jokatuko du Lasak. Final zortzirenetako partida izango da, eta Urretxuko Ederrena pilotalekuan jokatuko du, Julen Retegiren aurka. Txapelketako partidak etxean jokatzea pilotari gutxik du gustoko. Lasaren kasuan, gainera, urtero errepikatzen den egoera da. «Onerako eta txarrerako» laburbiltzen du Lasak. Retegiren aurkako partida «gogorragoa» ikusten du. «Lau t’erdiko finalerdiak jokatutakoa da eta horrek zerbait esan nahi du. Partida gogortu egingo du» aurreikusi du aurrelari urretxuarrak. Partida 22:15ean hasiko dute Ederrenan. Hau gainditzen badu, Abel Barriola izango du zain final laurdenetan.













