Bertsolaritza eta sormena uztartzeko lehiaketak antolatu dituzte Urretxun eta Zumarragan
Urretxuko eta Zumarragako bertso eskolak bertsoak eta hitzak ardatz dituzten bi lehiaketa prestatu ditu: I. Bertso Sormenerako Iparragirre Lehiaketa eta Mingainluze izenekoa. Lehenak 1.000 euroko saria izango du; bigarrena gaztetxoei eskainitako jolasa da.
Ostiralean aurkeztu zuten I. Bertso Sormenerako Iparragirre saria. Ahozkotasuna abiapuntutzat hartuta, bertsoa edo hitza beste arte disziplina batekin uztartzea sustatu nahi du lehiaketak. Hala, musikarekin, irudiarekin, pinturarekin… nahastu beharko da bertsoa edo hitza. Formatua askea da, eta gaia librea. Maila bakarra egongo da eta 16 urtetik gorako edozein pertsonak hartu ahalko du parte bertan. Epaimahaia bertso eskolako kideek eta bertso munduarekin zerikusia duten adituek osatuko dute eta emaitza osoaren orijinaltasuna eta kalitatea baloratuko dituzte. 1.000 euroko sari bakarra egongo da. Aurkeztutako lanek gutxieneko kalitaterik ez badute, ordea, saria eman gabe utzi ahalko da.
Lanak bakarka edo taldean osatu ahalko dira, eta talde bakoitzak gehienez ere 2 lan aureztu ahal izango ditu. Lanek aurrez saritu gabeak izan beharko dute. 2012ko urtarrilaren 31ra bitartean aurkeztu ahal izango dira lanak. Bi modu daude: Urretxuko kultur etxean utzta edota zubertsotan@gmail.com helbidera emailez igorrita. Bietan ere, lana goitizen batekin sinatu beharko da. Egilearen datuak, berriz, gutunazal itxi batean entregatu beharko dira. Egilearen izena, abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta nortasun agiriarena idatzi beharko dira bertan. Saria Martxoan Bertsoa lehiaketaren barruan emango dute
Mingainluze lehiaketa
Mingainluze lehiaketa, berriz, gaztetxoei zuzendutako jolasa da. ETB1 telebista kateko Mihiluze programan oinarrituta, parte hartzaileak Eroglifikoak, Esamesak, Tribuaren berba galduak edota Potokumeak frogetan lehiatu beharko dira. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta dago lehiaketa eta helburu nagusia «irudimena erabiliz jolas egitea» da.
Iazko Martxoan Bertsoa lehiaketaren testuinguruan egin zuten lehen Mingainluze lehiaketa. Aurten beste dimentsio bat emango diote, eta jolasa 3 kanporaketek eta finalak osatuko dute. Kanporaketak azaroaren 20an, 26an eta abenduaren 4an izango dira, eta finala, berriz, abenduaren 8an. Saioak Urretxuko Labeaga aretoan egingo dituzte eta ikusleei irekita egongo dira. Kanporaketa bakoitzean gailentzen den taldea finalera igaroko da.
Legazpin bertso saioa
Beste alde batetik, asteburu honetan bertso saioa egingo dute Legazpin. Bertso Olariak bertso eskolak antolatu du, eta Maialen Lujanbiok, Andoni Egañak, Miren Amurizak eta Jon Maiak kantatuko dute bertan. 17:30ean hasiko dute, Latxartegi aretoan. Sarrerek 5 euro balioko dute eta leihatila 16:45ean irekiko dute.














