Mendi eta Naturako argazkien VI. Ostadar lehiaketara lanak bidaltzeko epea hilaren 23an itxiko dute
Ostadar mendi taldeak antolatutako Mendi eta Naturako argazkien VI. lehiaketara lanak aurkezteko epea gertu dagoela, eta Ostadarrekoek, bereziki, Goierri osoko argazkilari afizionatuei parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diete.
Argazkiak aurkezteko epea hilaren 23an bukatuko da, «oraindik, denbora badago, baina parte hartu nahi dutenei azken momentura arte ez uztea gomendatzen diegu, ez baititugu epez kanpo iristen diren lanak onartuko», dio Ostadarreko Iosu Perez.
Berrikuntzak egin dituzte lehiaketan, batik bat, sarituko dituzten argazkien kategoriatan. Hiru izango dira: mendiko eta naturako nazioarteko paisaiak, Euskal Herriko mendiko eta naturako paisaiak eta Xabier Ormazabal mendizalearen omenez, gizakiaren jarduera mendian ondoen islatzen duen irudia sarituko dute.
Herriko saria ere emango dute, eta deialdi berezia egin nahi dute mendi taldekoek, «Urretxuko eta Zumarragako argazkilariei parte hartzeko gonbidapena egin nahi diegu, baita Goierri osokoei ere; jakin badakigu, argazkilaritzarekiko eta mendiarekiko zaletasunak uztartzen dituen jende asko dagoela gurean, eta horiek animatu nahi ditugu».
Argazkiak Internetez bidali beharko dira, ostadar.org webgunearen bitartez. Bertan, oinarriak eta datu-orria daude, partehartzaileek betetzeko.
Orain artean jasotako bilduma kopuruarekin pozik agertu dira Ostadarreko kideak, «Poturgaletik, Errumaniatik, Brasildik eta Perutik lanak jaso ditugu jada». Behin lan guztiak jasota, ebazpena azaroan emango dute jakitera, Ostadar Mendi Astean.













