Kontsumo talde bat sortzeko deialdia egin dute Urretxun

Urretxun kontsumo talde bat sortzeko deialdia egin dute. BasHerri izenpean, baserritarrak eta herritarrak elkarlanean jarduteko espazio bat ahalbidetu nahi du ekimenak. Ostegunean egingo dute batzarra, 18:30ean Urretxuko kultur etxean. Kontsumo taldeetan, jangaiak ekoizten dituzten baserritarrak herritarrekin edo bezeroekin elkarlanean aritzen dira. Urte guztian zehar, kontsumitzeko produktuak inolako bitartekaririk gabe eskuratzeko aukera ematen die taldeak kontsumitzaileei. Ekoizleei, berriz, bezeroekin harreman zuzena izateko balio die. Talde bakoitzak autonomia du antolaketa zehazteko: zer kontsumitu nahi duten, produktu ekologikoak lehenetsiko al dituen, prezioak, banaketa, kudeaketa… Gipuzkoa mailan EHNE sindikatuak eta Biolur nekazari ekologikoen elkarteak sustatu dituzte talde hauek, eta ekimen honek BasHerri Taldeak izena hartu du. Urretxun ere, azaldu dutenez, herritar talde baten eskariari jarraituz egin dute lehen deialdia. Ostegunean bilduko dira, 18:30ean Urretxuko kultur etxean. Bertan BasHerri Mugimendua aurkeztuko dute eta talde hauen funtzionamendua eta filosofia ere azalduko dituzte. Hitzaldi-tailer forman antolatu dute saioa eta Beasaingo BasHerri Taldeko kideak ere bertan izango dira, euren esperientzia ezagutarazteko. Osteguneko bilkurara azaltzeko deialdia herritar guztiei zabalik dago, bai baserritarrei eta baita kontsumitzaileei ere. Informazio gehiago nahi duenak basherri.wordpress.com helbidean lor dezake.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa