Ardo eta xanpain dastaketa egingo dute, Zumarragako Buzkantza lehiaketaren atarian
Zumarragako I. Mahatsaldia izena jarri diote egitasmoari. 29. Buzkantza lehiaketaren harian, 3. Pintxo lehiaketari batu diote, aurtengoan, ardo eta xanpain dastaketa. Zumarragako ostalari talde batek antolatu du Udalaren babesarekin.
Hilaren 26an, asteazkena, hasi eta hilaren 28an amaituko da, ostirala. Datorren asteazkenean izango da xanpain dastaketa, Iban Matek gidatua. “Jendeari transmititu nahi diogu kultura hau. Modu sinplean dauden xanpain moten berri emango dugu”, esan du aurkezpenean. Dastaketa Zelai Arizti Kultur Etxean izango da, 19:30ean. Toki muga dago, 66 lagun hartuko dituzte asko jota.
Hilaren 26an eta 27an ardo dastaketa egingo dute Euskadi plazako arkupeetan. 20 upategik parte hartuko dute, eta 60 ardo inguru dastatzeko aukera emango dute. Dastaketa 18:30tik 21:30ra luzatuko da.
Egun bakoitzerako txartelak 8 eurotan salduko dituzte eta bi eguneko txartela 14 eurotan. Saltokiak ondoko tabernak dira: Arkupe, Hirukia, Iburreta, Saski, Txanpon, 4 Vientos, Monterrey eta Korta. “Zumarragako taberna guztiei luzatu diegu parte hartzeko aukera, eta taberna hauek eman dute baiezkoa”, adierazi du Mikel Serrano alkateak. Ardoen kalitatea “oso ona” izango dela ere azpimarratu du.













