Gogoetarako deia egin du Zaldibiako Udalak, festetako txikizioak direla eta
Zaldibiako Udalak bukatu berri diren Santa Fe jaien balorazio «gazi gozoa» egin du. «Gozoa, jaiak ongi igaro direlako; gazia, berriz, iazko moduan aurten ere hainbat txikizio gertatu direlako». Pasa den urteko gertaerak gogoratuta, «arriskuan ikus...
Zaldibiako Udalak bukatu berri diren Santa Fe jaien balorazio «gazi gozoa» egin du. «Gozoa, jaiak ongi igaro direlako; gazia, berriz, iazko moduan aurten ere hainbat txikizio gertatu direlako». Pasa den urteko gertaerak gogoratuta, «arriskuan ikusten ziren guneak foku bidez argiztatzea» erabaki zuen udalak, baina neurri horiek ez dute esperotako emaitzarik eman. Parke botanikoa zen gune horietako bat, baina foku handi bat jarri arren, parkeko argiteria txikituta azaldu zen urriaren 8tik 9rako gauean. Horrez gain, Ibai Ondo eta Aztia-Berri etxeetako estalpeetan, eta eskola inguruan, nerabe asko «beraien festa» egiten aritu zirela dio udalaren oharrak. Kalte horiek konpontzea 10.000 euro inguru kostako dela aurreikusi dute. Hori dela eta, hausnarketarako deia egin die nerabe, gazte, guraso eta hezkuntza arduradunei.
«Balio gabezia nabarmena»
Belaunaldi berrietan indartzen ari den jai ereduak kezkatzen du udala, eta uste du «balio gabezia nabarmena» indartzen ari dela. «Ez dugu festa gisa ulertzen jai eremutik kanpo bildu, kontsumitu eta bazterrak txikitzeko joera berritu hau». Udalak «hausnarketan sakontzen» jarraituko du.












