Arrantzan arraina hil gabe aritzeko dagoen modalitatearen antzeko ehizakera aurkeztu du Euskal Herrian Field Trial elkarteak, Goierrin. Eskualdeko hainbat ehiztarik aurten antolatu dute taldea, hegaztia hil gabe aritu litekeen filosofia zabaltzeko eta ehizarekin berdin-berdin goza daitekeela frogatzeko. Urriaren 29an eta 30ean izango da Gipuzkoan modalitate berria dena bertatik bertara ikusteko aukera, Aralar parke naturalean. Ataunen atzo aurkeztu zuten proba. Euskal Herriko Basoetako Dama lehiaketarako lehen proba puntuagarria izango da Ataungo lurretan jokatuko dena. Bigarrena, azaroaren 5ean eta 6an Iratiko oihanean da, Zuberoako lurretan. Oilagor ehiza da, azken batean, baina helburua ez da hegaztia akabatu eta poltsaratzea; txakurraren abilezia eta heziketa erakustea baizik. «Txakurrak, ehiztariarekin, binaka irteten dira. Mendian, ehizean bezalaxe, aurrera joaten dira. Txakurrak oilagorra bilatu, aurkitu, erakutsi —mostra egin— eta detonazioa egiten denean tokian bertan geldi mantendu behar du. Hor ikusten da bere hezte maila», azaldu du Jon Urteaga ormaiztegiarrak, Euskal Herrian Field Trial elkartearen lehendakariak. Punturik jasotzen ez bada, epaileek zakur egokiena, ondoena lan egiten duena baloratzen dute, eta beste aukera batzuk ematen dizkiote, gehienez hiru. Tiro hotsa detonatzaile batekin ateratzen dute; ondorioz, inpakturik ez du jasaten oilagorrak. Ihes egiten duenez, hegazti bakarra nahikoa dute txapelketa guztirako. Noski, gerta liteke batere ez aurkitzea. «Inork ez du ziurtatzen emaitzarik [...]
Lehiaketaren antolatzaileak eta agintariak, Ataunen.
Arrantzan arraina hil gabe aritzeko dagoen modalitatearen antzeko ehizakera aurkeztu du Euskal Herrian Field Trial elkarteak, Goierrin. Eskualdeko hainbat ehiztarik aurten antolatu dute taldea, hegaztia hil gabe aritu litekeen filosofia zabaltzeko eta ehizarekin berdin-berdin goza daitekeela frogatzeko. Urriaren 29an eta 30ean izango da Gipuzkoan modalitate berria dena bertatik bertara ikusteko aukera, Aralar parke naturalean.
Ataunen atzo aurkeztu zuten proba. Euskal Herriko Basoetako Dama lehiaketarako lehen proba puntuagarria izango da Ataungo lurretan jokatuko dena. Bigarrena, azaroaren 5ean eta 6an Iratiko oihanean da, Zuberoako lurretan.
Oilagor ehiza da, azken batean, baina helburua ez da hegaztia akabatu eta poltsaratzea; txakurraren abilezia eta heziketa erakustea baizik. «Txakurrak, ehiztariarekin, binaka irteten dira. Mendian, ehizean bezalaxe, aurrera joaten dira. Txakurrak oilagorra bilatu, aurkitu, erakutsi —mostra egin— eta detonazioa egiten denean tokian bertan geldi mantendu behar du. Hor ikusten da bere hezte maila», azaldu du Jon Urteaga ormaiztegiarrak, Euskal Herrian Field Trial elkartearen lehendakariak.
Punturik jasotzen ez bada, epaileek zakur egokiena, ondoena lan egiten duena baloratzen dute, eta beste aukera batzuk ematen dizkiote, gehienez hiru.
Tiro hotsa detonatzaile batekin ateratzen dute; ondorioz, inpakturik ez du jasaten oilagorrak. Ihes egiten duenez, hegazti bakarra nahikoa dute txapelketa guztirako. Noski, gerta liteke batere ez aurkitzea. «Inork ez du ziurtatzen emaitzarik egongo denik. Ehizeko egun bat bezalakoa da. Ehizera joaten zarenean ere ez dakizu oilagorrik aurkituko duzun ala ez, egun osoa ibilita ere».
Ehiza basatia da, naturan berez dauden oilagorrak aurkitzea da zeregina. Aurretik ez dituzte propio askatzen.
Gipuzkoan proba berritzailea
Euskal Herrian field triala ezaguna da. Iratiko proba da garrantzitsuena. Aurten Frantziako txapelketa ospetsuenaren barruan jokatuko da, eta partaidetza igoko du horrek. Han 60-70 bat txakurrek parte hartzen dute. Gaubean (Araba) eta Subitzan (Nafarroa) ere badituzte probak. Gipuzkoan, Ataungoa izango da lehena.
Partaidetzari dagokionez, atzoko azken datuen arabera, 20 bat txakur baieztatuta daude. Ipar Euskal Herrikoak eta Frantziakoak izango dira gehientsuenak, baina baita goierritarrenak ere. «Jendea animatu nahi dugu, txakurrekin parte hartzera. Besterik ezean, field triala ezagutzera joan dadila, bertatik bertara», egin du gonbita Urteagak.
CACT izendapena du Aralarko txapelketak, eta horren garrantzia nabarmendu du Urteagak, «Europa mailako puntako txakur onenak ekarriko dituztelako». RSCE eta FCI elkarteen arauetara jokatuko da. Elkarteak webgunea du Interneten; 102.000 bisita izan ditu abuztutik (
www.euskalherrianfieldtrial.com).
Ataungo Udalaren izenean, Igor Aierbe alkateak eskerrak eman dizkio elkarteari, bai herriaren promoziorako, bai Hego eta Ipar Euskal Herriaren loturarako garrantzitsutzat joz. Probaren babesle Goitur agentziako Niko Osinaldek bisitariak erakartzeko aukera dela gaineratu du.