Egindako bidean pauso bat gehiago
Larunbaterako planik ez egiteko esanda zuten Ordiziako Gazte Asanbladakoek, eta jendeak oso kontuan hartu zuen gaztetxearen urteurrena ospatzeko antolatutako jaialdira gerturatzeko gonbita. Ehunka herritar eta goierritar gerturatu zen herenegun Ordiziara, baita Euskal Herritik kanpoko jendea ere. Aitor Gartzia gaztetxeko kideak adierazi duenez, «Burgos, Madril eta Valentziako (Herrialde Katalanak) jendea ere etorri zen. Kartelak ikusi zituztela esan digute, eta festara batu ziren». Internet bidez eta ahoz-aho gaztetxearen urteurreneko ospakizunek izan duen zabalkundea azpimarratu dute gaztetxetik. Dautak eskatuta Beti Alai pilotaleku kanpoan egin zuten herri bazkarian 300 kide elkartu zirela esan du Gartziak. Gaueko musika jaialdirako sarrera guztiak saldu zituzten, eta edaririk gabe ere geratu ziren festa eguna amaitzerako. Boluntario lanetan 200 ordiziar aritu dira lanean jaialdi osoan zehar. «Sentimendu berezia» Jaialdiarekin bat egin duten guztiei eskerrak emateko aukerarik ere ez dute galdu nahi izan gaztetxeko kideek, «asko izan baitira laguntza eskatu orduko lanerako prest agertu direnak». Izan ere, «Ordiziako Gaztetxeak badu zerbait berezia eta sentimendu berezi horri esker, oso egun polita igaro genuen, inolako tira-birarik eta haserrerik gabe», zehaztu du Gartziak. Sentimendu hori, belaunaldi ezberdinetako herritarrek dutela uste dute gaztetxekoek, «larunbatean argi geratu zelako gaztetxea ez dela festa leku bat bakarrik. Ordiziarrek ikusi dute jende asko izan dugula kontuan, eta herriari [...]
Larunbaterako planik ez egiteko esanda zuten Ordiziako Gazte Asanbladakoek, eta jendeak oso kontuan hartu zuen gaztetxearen urteurrena ospatzeko antolatutako jaialdira gerturatzeko gonbita. Ehunka herritar eta goierritar gerturatu zen herenegun Ordiziara, baita Euskal Herritik kanpoko jendea ere. Aitor Gartzia gaztetxeko kideak adierazi duenez, «Burgos, Madril eta Valentziako (Herrialde Katalanak) jendea ere etorri zen. Kartelak ikusi zituztela esan digute, eta festara batu ziren». Internet bidez eta ahoz-aho gaztetxearen urteurreneko ospakizunek izan duen zabalkundea azpimarratu dute gaztetxetik.
Dautak eskatuta Beti Alai pilotaleku kanpoan egin zuten herri bazkarian 300 kide elkartu zirela esan du Gartziak. Gaueko musika jaialdirako sarrera guztiak saldu zituzten, eta edaririk gabe ere geratu ziren festa eguna amaitzerako. Boluntario lanetan 200 ordiziar aritu dira lanean jaialdi osoan zehar.
«Sentimendu berezia»
Jaialdiarekin bat egin duten guztiei eskerrak emateko aukerarik ere ez dute galdu nahi izan gaztetxeko kideek, «asko izan baitira laguntza eskatu orduko lanerako prest agertu direnak». Izan ere, «Ordiziako Gaztetxeak badu zerbait berezia eta sentimendu berezi horri esker, oso egun polita igaro genuen, inolako tira-birarik eta haserrerik gabe», zehaztu du Gartziak.
Sentimendu hori, belaunaldi ezberdinetako herritarrek dutela uste dute gaztetxekoek, «larunbatean argi geratu zelako gaztetxea ez dela festa leku bat bakarrik. Ordiziarrek ikusi dute jende asko izan dugula kontuan, eta herriari zabalduta gaudela». Motxila 21 taldeak egin zuen kontzertua jarri du adibidetzat Gartziak: «Plaza guztia jendez bete zen, eta umeek ere asko gozatu zuten. Denak konturatu ziren gainera, emanaldi berezia zela».
Gaztetxearen 25. urteurrena ospatzeko egindako jaialdiaren inguruan eskerrak emateko hitzak besterik ez dituzte gaztetxeko kideek, eta orain arte egindako bidean pauso gehiago emango dituztela iragarri dute behin eta berriz. Orain helburua, gutxienez beste 25 urte betetzea izango da, hurrengo belaunaldiek ere erreferentzia hori izan dezaten.
Beheko irudietan, 25. urteurreneko ospakizun eguneko irudiak (Argazkiak: Ibon Zabalegi eta Eskeine Legorburu)