Santikutz xake elkarteak txikienentzako eskolak hasi ditu aste honetan
Bigarren mailako liga txapeldunaren kopa Legazpin• Legazpiko Santikutz xake elkartea lanean hasi da. Aste honetan hasi dituzte gaztetxoen eskolak. Ateak irekita daude. 12 urtera arteko gaztetxoen eskolak astelehenetan egingo dituzte, 19:00etatik 20...
Legazpiko Santikutz xake elkartea lanean hasi da. Aste honetan hasi dituzte gaztetxoen eskolak. Ateak irekita daude.
12 urtera arteko gaztetxoen eskolak astelehenetan egingo dituzte, 19:00etatik 20:00etara. Adin horretatik gorakoenak, berriz, bi astez behin egingo dituzte, asteazkenetan, 17:00etatik 18:30era. Aste honetan 15 gazte inguru arituko dira bi saioetan, baina ateak herriko gazte guztiei zabalik daudela jakinarazi dute xake elkartetik. «Nahi duena etor daiteke, edonork du aukera hori» dio Patxi Imaz lehendakariak.
Aurten Santikutzek Gipuzkoako xake ligako lehen mailan jokatuko du lehendabizikoz. Iaz lortu zuten maila hori, duela bi urte hirugarrenetik bigarrenera ere igo ostean. Bi urtetan bi aldiz igo dira mailaz, eta aurtengo helburua, lortutakoari eustea izango dute. «Hortik gora pentsatzea oraingoz arriskutsua da» dio Imazek. Beste bi talde sartu nahi dituzte aurten ligan, hirugarren mailan. Batak, bigarrenera igotzea izango du helburu. Bestea, gaztetxoak txapelketetan trebatzen joan daitezen erabiliko dute.
Imazek taldea egoera «oso onean» aurkitzen dela nabarmendu du. «Ilusio handia dugu. Lokala txiki gelditzen ari zaigu, eta gainera, litekeena da egoitza handiago batera joateko aukerak izatea» esan du. «Mugimendu handia dago eta jendea gustura dabil».