Ehiztari bat, joan den larunbatean, Lazkaomendin.
Teoria asko darabiltzate ehiztariek uso pase garaian uso eskasia dagoela sumatuta. Batzuk esaten dute Europa iparraldera ez dela hotzaldirik ailegatu, eta horrek uso pase garaia atzeratu egiten duela. Beste batzuen esanetan, berriz, Frantzia partean zereal asko erein dute, eta bazkaleku paregabe dute usoek bertan gelditzeko. Eta hirugarren uste bat ere gailentzen ari da azken boladan; usoak Villabona paretik kostaldera egiten dutela, eta beraz, Goierriko mendietatik ez direla igarotzen. Usteak erdia ustela izaten du, eta kontua da Goierriko ehiztariek apenas bota dutela usorik inguruko mendietako postu preziatuetan. Etsi-etsian birigarro sorta batzuekin konformatu behar izan dute.
Ehiza garaia orokorra urriaren 12an zabaldu zen Gipuzkoan –datorren urteko urtarrilaren 31 arte–, eta harrezkero hamabost egun pasa badira, ez da uso pase nabarmenik izan, eta pasa den apurra altu pasa da oso. Jai eguna izan zuten egun hori ehiztari gehienek, baina ez zuten nahi adina aprobetxatzerik izan. Baina aste horretan bertan izan zen tiro hotsik eskualdeko ehiza lekuetan. Bai hilaren 14an, ostirala, eta baita larunbatean ere, paseko hegaztiak ehizatzeko giro paregabea egin zuen, hego haizea lagun; baina betikoa, usoak eskas, eta ehiztariek birigarroei heldu behar izan zieten.
Bi larunbatak, egunik onenak
Lazkaomendiko postuetan, esaterako, birigarro sorta ederrak bota zituzten hilaren 15ean, eta Ordiziako armategira kartutxo gehiagoren bila jaitsi behar izan zuenik ere bazen tartean. Pentsa liteke, bai Gaintzako postuetan, bai Partzonerikoetan eta baita herrietako mendi kaskoetan dauden gainontzeko postuetan ere antzera gertatuko zela.
Larunbat hura joan zen, igandea iritsi zen, baina ez zen egunik aproposena izan ehizarako. Hala ere, tartean asko izaten dira lantokitik egunak hartuak izaten dituzten ehiztariak, eta astean zehar zerbait izango denaren esperantzarekin etxeratu ziren. Baina aste osoan eguraldi egokirik ez; behe lainoa ez bazen euria, eta euririk ez bazen, haize zakarregia.
Asteburua berriz gainean, eta hilaren 22rako, joan den larunbaterako, eguraldi iragarpen bikaina paserako. «Markako eguraldia bai, baina uso paserik ez, eta birigarro batzuk bota ditugu», zioen Gaintzan egon zen ehiztari batek. Igandea ere giro ederrarekin esnatu zen, ehiztariak gustura ziren goizeko lehen orduan, baina 11:00ak alderako gehienak berak ziren, haize zakar eta hotzak jota.
Gaur eta bihar, haize zakarra
Atzokoa ere jai eguna izan zen gehienentzat, eta horren erakusgarri da Lazkaomendiko Lartxai elkarteko zozketara ehundik gora lagun joan zela astelehen iluntzean, baina atzo ere, ez zen mugimendu handirik zeruan. Otzaurten jende askok egin zuen hamaiketakoa, tiro bakar bat bota gabe. Eta gaur eta bihar ere ez dira egun egokienak izango, haize zakarra iragarri baitute.