Udaletxeko ateak herritarrei ireki eta parte-hartzea bultzatuko du udalak
Ordiziako Udalak bere ateak herritarrei ireki eta parte-hartzea bultzatzeko jardunaldia antolatu du azaroaren 5erako. Hartu hitza, piztu Ordizia! lemapean, herritarrei udal funtzionamendua azaldu eta haien iritziak jasoko dituzte. Goiz pasarako jardunaldia izango da, eta udaletxea barrutik ezagutu ondoren, taldeka banatu eta gai ezberdinak landuko dituzte, gero elkartu eta denen artean ondorioak ateratzeko. Izaro Intsausti, Ordiziako parte-hartze eta komunikazio zinegotziak azaldu duenez, udal talde berriaren erronka nagusia «udaleko erabakiguneak aztertu eta horiek zabaltzeko bideak urratzen hastea da». Izan ere, hauteskundeen aurretik, Bildu koalizioak behin eta berriz aipatu zuen hitza izan zen parte-hartzearena. «Maiatzean hitz hori erabili genuen, gure politikaren ardatz zela adierazi genuen, eta hitz berak berretsi genituen aginte makila hartzea egokitu zitzaigunean». Hala, «udalaren ateak ireki eta herritarren partaidetza» bultzatuko dutela azaldu du. Partaidetza hori ordea, «ez da hutsala, ez da modan dagoen korronteari jarraiki antolatu nahi dugun ezer». Partaidetza hori, «erabaiak hartzeko, herria guztion artean diseinatu eta eraikitzeko» baliatu nahi dute. Intsaustiren ustez, «partaidetzak informazioa eta erabakia izan behar ditu bidelagun, bestela, hitz hutsetan, moda hutsean geratzeko arriskua» baitu. Parte hartzeko jardunaldia Helburu horiek oinarri hartuta antolatu dute Hartu hitza, piztu Ordizia! jardunaldia. Ekimen horrek bi helburu nagusi dituela azaldu du Intsaustik: «ordiziarrei udal funtzionamenduaren berri ematea, eta talde [...]
Ordiziako Udalak bere ateak herritarrei ireki eta parte-hartzea bultzatzeko jardunaldia antolatu du azaroaren 5erako. Hartu hitza, piztu Ordizia! lemapean, herritarrei udal funtzionamendua azaldu eta haien iritziak jasoko dituzte. Goiz pasarako jardunaldia izango da, eta udaletxea barrutik ezagutu ondoren, taldeka banatu eta gai ezberdinak landuko dituzte, gero elkartu eta denen artean ondorioak ateratzeko.
Izaro Intsausti, Ordiziako parte-hartze eta komunikazio zinegotziak azaldu duenez, udal talde berriaren erronka nagusia «udaleko erabakiguneak aztertu eta horiek zabaltzeko bideak urratzen hastea da». Izan ere, hauteskundeen aurretik, Bildu koalizioak behin eta berriz aipatu zuen hitza izan zen parte-hartzearena. «Maiatzean hitz hori erabili genuen, gure politikaren ardatz zela adierazi genuen, eta hitz berak berretsi genituen aginte makila hartzea egokitu zitzaigunean». Hala, «udalaren ateak ireki eta herritarren partaidetza» bultzatuko dutela azaldu du.
Partaidetza hori ordea, «ez da hutsala, ez da modan dagoen korronteari jarraiki antolatu nahi dugun ezer». Partaidetza hori, «erabaiak hartzeko, herria guztion artean diseinatu eta eraikitzeko» baliatu nahi dute. Intsaustiren ustez, «partaidetzak informazioa eta erabakia izan behar ditu bidelagun, bestela, hitz hutsetan, moda hutsean geratzeko arriskua» baitu.
Parte hartzeko jardunaldia
Helburu horiek oinarri hartuta antolatu dute Hartu hitza, piztu Ordizia! jardunaldia. Ekimen horrek bi helburu nagusi dituela azaldu du Intsaustik: «ordiziarrei udal funtzionamenduaren berri ematea, eta talde dinamikaren bidez, ordiziarren iritzi, proposamen eta iradokizunak jasotzea».
Hala, 10:00etan elkartu eta herritarrei harrera egingo diete udaletxean. Alkateak eta zinegotziek, udal funtzionamenduaren inguruko azalpenak emango dizkiete aurrena. Segidan, taldeka banatu eta bakoitzak gai bat jorratuko du. Hamar gai izango dira guztira, eta herritarrek horietan interesik handiena sortzen dietena aukeratu ahal izango dute. Eguerdi partean, atzera denak elkartu eta talde bakoitzak egindako ekarpenak aztertuko dituzte. Eguna bukatzeko, denentzako jatekoa eta edatekoa izango dira, plazan.
Udalak, herriko «eragile, talde eta norbanako guztiei» egin die ekimenean parte hartzeko deia, jardunaldi hori, «udalaren funtzionamenduan eta erabakitzeko guneak zabaltzeko ahaleginean mugarri» izango baita. Parte hartzeko, aurrez eman behar da izena, Barrena jauregian (943 80 58 30), edo partaidetza@ordizia.org helbide elektronikora idatzita.
Azaroak 5, larunbata
- 10:00. Herritarrei ongietorria udaletxean.
- 10:15. Udal gobernuari buruzko azalpenak.
- 10:45. Gaikako talde dinamikaren hasiera.
- 12:15. Kafea.
- 12:30. Taldeak elkartuko dira.
- 13:00. Une irekia.
- 13:30. Luntxa herriko plazan.
OHARRAK
- Haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute 10:00etatik 13:00etara.
- Saioak euskaraz izango dira. Euskaraz ez dakitenentzat itzulpengintza zerbitzua jarriko dute.













