Aralarren jasoa, Zaldibian goratu

Mendiarekin, eta bereziki Aralarrekin, estu-estu loturik dago Zaldibiako herria. Artzain tradizio handikoa bezain luzekoa izan da, eta langintzaren gaiak urteak behin, bederen, erakusten jarraitzen du. Igandean izan zen Ardiki Egunean, esate baterako. Ikusle eta bisitari artean jendetza batu zen mondeju eta gazta lehiaketak ikusi, ardikia dastatu eta artzainen bizimoduko ofizio-zertzelada batzuk bertatik bertara ikusteko. Plazako frontoian zeuden jaiko osagai gehientsuenak. Eskulangileak bertan aritu ziren produktuak egiten. Oihalak egiteko ehungailua, joskintza, saskiak, artilez haria egiten, eskuz gazta, mondejua… Artzainen beste produktu bat, gazta, salmentan edukitzea faltan sumatu zuen bisitariren batek. Eguneko izarra mondeju zuria izan zen, hala ere. Ehunka kilo banatu zituzten kofradiakoek bisitarien artean, ogi mutur eta ardo basoerdi banarekin lagunduta. Zaldibiako XVII. Mondeju Lehiaketara 20 etxetatik aurkeztu dituzte hestebeteak, «kopuru oso polita», antolatzaileen esanetan. Tranpaldoan parez pare, Aralarko Gaztaren XIV. Lehiaketa ebatzi zuten epaimahaikideek. Sail horretan 15 partaide ziren. Maria Luisa Morea, txapeldun Mondeju lehiaketan Maria Luisa Moreak aurkeztutako sortak irabazi du lehen saria. Seigarren aldiz jantzi du Zaldibian bizi den amezketarrak txapela, 2000n, 2004tik 2006ra hiru aldiz jarraian, eta iaz egin bezala. Bigarren eta hirugarren postuetan ere bizpahiru aldiz izan da, bakoitzean. Bezpera arratsaldean familian egindako mondejuak eraman zituen Moreak, herenegun. «Seigarren txapela izango da, baina gaurkoak sorpresaz [...]

Mendiarekin, eta bereziki Aralarrekin, estu-estu loturik dago Zaldibiako herria. Artzain tradizio handikoa bezain luzekoa izan da, eta langintzaren gaiak urteak behin, bederen, erakusten jarraitzen du. Igandean izan zen Ardiki Egunean, esate baterako. Ikusle eta bisitari artean jendetza batu zen mondeju eta gazta lehiaketak ikusi, ardikia dastatu eta artzainen bizimoduko ofizio-zertzelada batzuk bertatik bertara ikusteko.
Plazako frontoian zeuden jaiko osagai gehientsuenak. Eskulangileak bertan aritu ziren produktuak egiten. Oihalak egiteko ehungailua, joskintza, saskiak, artilez haria egiten, eskuz gazta, mondejua… Artzainen beste produktu bat, gazta, salmentan edukitzea faltan sumatu zuen bisitariren batek.
Eguneko izarra mondeju zuria izan zen, hala ere. Ehunka kilo banatu zituzten kofradiakoek bisitarien artean, ogi mutur eta ardo basoerdi banarekin lagunduta. Zaldibiako XVII. Mondeju Lehiaketara 20 etxetatik aurkeztu dituzte hestebeteak, «kopuru oso polita», antolatzaileen esanetan.
Tranpaldoan parez pare, Aralarko Gaztaren XIV. Lehiaketa ebatzi zuten epaimahaikideek. Sail horretan 15 partaide ziren.
Maria Luisa Morea, txapeldun
Mondeju lehiaketan Maria Luisa Moreak aurkeztutako sortak irabazi du lehen saria. Seigarren aldiz jantzi du Zaldibian bizi den amezketarrak txapela, 2000n, 2004tik 2006ra hiru aldiz jarraian, eta iaz egin bezala. Bigarren eta hirugarren postuetan ere bizpahiru aldiz izan da, bakoitzean.
Bezpera arratsaldean familian egindako mondejuak eraman zituen Moreak, herenegun. «Seigarren txapela izango da, baina gaurkoak sorpresaz hartu nau, dudan nengoen. Baina sariarekin gustura, beti ondo hartzen dira», zioen Moreak.
«Produktu guztiak etxekoak erabiltzen ditugu, zenbat eta freskoagoak eta naturalagoak, hobeto. Ohituta gaude egiten. Etxean probatu egiten ditugu, zer falta duen ikusi, handik pixka bat bota, eta horren arabera erabakitzen dugu zein ekarri. Amarengandik ikasi zuen mondejugintza, Amezketako Lapatza jaiotetxean. «Amak egiten zituen, eta aurrena harekin ikasi nuen. Ezkondutakoan Zaldibiara etorri, eta orduan berritu nuen berriz».
Sesbastian Lizaso bertsolariak hiruna bertsotan kantatu zituen mondeju lehiaketako aurreneko hiru sailkatuen izenak, gaztarenarekin Egañak txandatuz. Kaietana Etxeberria (bosgarren aldiz txapeldunorde) eta Lazkaomendiko Mari Jose Alkaiaga sartu ziren mondejuen podiumean.
Aralarko hamabost gazta aurkeztu dituzte lehiaketara. Altzoko Migel Amianok jantzi du txapela, Ordiziako Joseba Intxausti eta Errezilgo Juan Mari Zinkunegiren aurretik. «Gazta mantekosoa eta gozoa da, maiatz-ekain aldera egindakoa. Itxurarik onena duena ekartzen dugu, denak igualtsuak egiten ditugu eta», azaldu zuen Amianok.
Aralarren Aitzion egoten da uda garaian, Elordi goian, Amezketatik igota. «Altzon baserrian ere badugu ukuilua. Beste inongo lehiaketatara ez gara aurkezten, Zaldibiakora bakarrik», zioen gaztagile txapeldunak.
Garai bateko ofizioak, plazan
Lehiaketez gainera, urteroko legean, aspaldiko lanbideak eta artzaintzarekin lotutako jarduerak ikusteko modua ere izan zen Ardiki Egunean. Manuel Labaka saskigilea zen bat. Beizamakoa sortzez, Zaldibian bizi da. Beratutako gaztaina zumitzez saskiak egiten jardun zuen goiz osoa. «Lehen honetan lan egiten genuen, baina orain erakusketetan bakarrik», argitu du Labakak.
Hutsik egiten ez duen Jexux Mendizabal artzain zaldibiarra artilearekin harira egiten aritu zen. «Aita zenak ere artzaina nuen, eta hark lantzen zuen artilea haritarako. Lehen etxerako zen dena, baita jertseak egiteko ere». 85 urte beteta, uda Oiduiko txabolan pasatu du Mendizabalek. «Ardiak kendu nituen, anaia hil zenean. Baina oraindik udan Aralarren egotea gustatzen zait. Bizi naizen arte guztian gora igoko naiz», esan du Mendizabalek.
Goi larreetako bizimoduak tirria eragiten dio artzainari. «Baratzetxoa jartzen dut, oilo ale batzuk eramaten ditut, eta hantxe egoten naiz, bake-bakean».
Aizporra baserrikoak mondeju zuria egiten aritu ziren. Modesta Sukiak eta Arantxa Mendizabalek, alaba banarekin, tipula, porrua, hestekia, eta gainontzeko osagaiak nola txikitu behar diren eta hestebetea nola egiten den azaldu zieten bisitariei.
Hurrengo mahaian Jexuxa Etxabe zaldibiarra eta Rosario Telleria, zegamar jatorrikoa, zeuden, gazta eskuz egiten. Aralar handia, Zaldibiako plazan bildua.

Sailkapenak
Mondejuaren XVII. lehiaketa

  1. Maria Luisa Morea (Amezketa-Zaldibia)
  2. Kaietana Etxeberria (Orend.-Lazkao)
  3. Mari Jose Alkaiaga (Lazkao-Zaldibia)

Aralarko gaztaren XIV. lehiaketa

  1. Migel Amiano (Altzo)
  2. Joseba Intxausti (Ordizia)
  3. Juan Mari Zinkunegi (Errezil)
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa