Eskean minbiziaren aurka
Minbiziaren Aurkako Elkarteko Beasaingo boluntarioek 1999ko maiatzaren 8an egin zuten lehen diru biltzea. Ordutik, urtero irten dira kalera minbiziaren elkartearentzat eta minbiziaren inguruko ikerketak egiteko dirua eskatzera. Badira ia lau urte, diru eskea Beasaingo Odolkiaren Egunean egiten dutena, eta aurten ere hala egingo dute. Bihar, Gernika pasealekuan jarriko dute postua. Donostiako Onkologikoko gizarte langileak Beasainen kristau ikasbidea erakusten duten emakumeengana jo zuen laguntza eske orain hamabi urte. Minbiziaren elkartearekin eta Beasainen eta Goierrin gaixo daudenekin batera elkarlanean aritzea proposatu zien gizarte langileak. Hasierako hilabeteetan, minbiziaren inguruko hainbat ikastaro eta bilera egin zituzten, «inorengana joan aurretik prestakuntza bat izateko», azaldu dute boluntarioek. Ordutik, urtero, ikastaro berezietan parte hartu dute, eta erakusketak eta ekintzak egin dituzte herrian. Guztira hamasei lagun inguru aritzen dira lanean Beasainen Minbiziaren Aurkako Elkartearekin. Gaixo daudenei eta haien senideei informazioa eta Espainia mailan elkarteak dituen baliabideen berri ematen diete: material ortopedikoaren mailegutza, onkologikoen eta gaixoen arteko harremanak… Psikologiaren alorra ere lantzen dute elkartean, gaixoei eta haien senideei zuzenduta, eta eskoletan, kultur etxeetan, udaletxeetan… hitzaldiak antolatzen dituzte elikadurak minbizian duen garrantziaren inguruan, erretzeari uzteko tekniken berri emateko, edo ikerketen alorrean eman diren pausoen inguruan, adibidez. Elkarteko bi kide ospitalera ere joaten dira astero, bertan dauden gaixoekin egon eta tarte [...]
Minbiziaren Aurkako Elkarteko Beasaingo boluntarioek 1999ko maiatzaren 8an egin zuten lehen diru biltzea. Ordutik, urtero irten dira kalera minbiziaren elkartearentzat eta minbiziaren inguruko ikerketak egiteko dirua eskatzera. Badira ia lau urte, diru eskea Beasaingo Odolkiaren Egunean egiten dutena, eta aurten ere hala egingo dute. Bihar, Gernika pasealekuan jarriko dute postua.
Donostiako Onkologikoko gizarte langileak Beasainen kristau ikasbidea erakusten duten emakumeengana jo zuen laguntza eske orain hamabi urte. Minbiziaren elkartearekin eta Beasainen eta Goierrin gaixo daudenekin batera elkarlanean aritzea proposatu zien gizarte langileak. Hasierako hilabeteetan, minbiziaren inguruko hainbat ikastaro eta bilera egin zituzten, «inorengana joan aurretik prestakuntza bat izateko», azaldu dute boluntarioek. Ordutik, urtero, ikastaro berezietan parte hartu dute, eta erakusketak eta ekintzak egin dituzte herrian.
Guztira hamasei lagun inguru aritzen dira lanean Beasainen Minbiziaren Aurkako Elkartearekin. Gaixo daudenei eta haien senideei informazioa eta Espainia mailan elkarteak dituen baliabideen berri ematen diete: material ortopedikoaren mailegutza, onkologikoen eta gaixoen arteko harremanak… Psikologiaren alorra ere lantzen dute elkartean, gaixoei eta haien senideei zuzenduta, eta eskoletan, kultur etxeetan, udaletxeetan… hitzaldiak antolatzen dituzte elikadurak minbizian duen garrantziaren inguruan, erretzeari uzteko tekniken berri emateko, edo ikerketen alorrean eman diren pausoen inguruan, adibidez. Elkarteko bi kide ospitalera ere joaten dira astero, bertan dauden gaixoekin egon eta tarte horretan senideek atseden har dezaten.
Diru kopuruak behera egin du
Beasaingo boluntarioek jakitera eman dutenez, bihar bilduko duten diruaren «%25 inguru», minbiziaren inguruko ikerketetara bideratuko du elkarteak. Beste horrenbeste, informazioa banatzeko erabiltzen dituzten materialetara bideratuko da, eta gainerakoa elkartearen gastuak ordaintzeko.
Urterik urte, gero eta diru gehiago behar izaten du elkarteak, baina biltzen duten diruak ez du bide bera jarraitzen. Azken urteetara arte, herriko festen inguruan egiten zuten diru eskea, baina jendeak ez zuen boluntarioek nahi bezala erantzuten, eta horregatik erabaki zuten bilketa azaroko lehen asteburura aldatzea: «Odolkairen eguna jai eguna da Beasainen, eta jende asko irtetzen da kalera. Dagoeneko badakite zertarako biltzen dugun dirua eta, denetarik dagoen arren, jendeak ondo erantzuten du».
Erantzun hori aprobetxatuz, boluntario berriei dei egin diete elkarteko kideek: «Lanerako prest dagoena gerturatu dadila asteazken arratsaldetan Loinazko San Martin elizara. Bertan elkartzen gara astero boluntarioak, egiteko ditugun ekintzak antolatzen joateko».
Hurrengo egitekoa udalarekin hitz egitea izango da. Izan ere, elkarteak Beasainen bulegoa irekitzeko asmoa du, Goierriko gaixoei zerbitzua emateko. Bulegoa jartzeko lokala doan eskuratu nahi dute, eta Beasainen ez ezik, Zumarragan ere ari dira begiratzen, «aukerarik onena eskaintzen duten lekuan jarriko baitute bulegoa», azaldu dute boluntarioek.













