Euria eta txerriak izan dira protagonistak, Mutiloan
Egun guztian zehar euria aritu arren, hainbat lagun gerturatu zen igandean Mutiloara, txerri azokaz gozatzera. Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak jakitera eman duenez, goiz partean hutsik antzean zegoen herria, baina eguerdian jende dezente bildu zen pilotalekuan. «Eguraldia kontutan hartuta, jendeak ondo erantzun du, nire iritziz». Jende gehiena Goierrikoa zen, baina besteak beste, Azkoitiatik eta Tolosaldeko herrietatik joandako bisitariak ere ikus zitezkeen bertan. Goizeko hamarretatik aurrera ireki zuten azoka mutiloarrek. Iñaki Larrañaga eta Agustin Elortza trikitilariak arduratu ziren giroa jartzeaz, baina ez goiz partean bakarrik, eguerdian eta arratsaldean ere bai. Txerriak ikusgai Herrigunean zehar hainbat arrazako txerriak zeuden ikusgai. Helduen zein haurren arreta piztu zuten, baina jendeak, bustitzeko beldurrarengatik, ez zuen haiei begira denbora gehiegi pasatzen. Herritarrak zein bisitariak, batez ere, pilotalekuaren barruan eta elizaren aterpean ibili ziren. Pilotalekuaren barruan, herritar taldea bazkarirako menua prestatzen aritu zen goiz partean: babarrunak, azarekin, odolkiarekin eta saiheskiarekin. Bertakoen hitzetan «gaurkoa bezalako girorako menu ezin hobea». Haurrentzako, xolomoa eta patata frijituak egin zituzten. Bestalde, pilotalekuaren ondoan txerria erretzen aritu ziren zeregin horietara dedikatzen diren enpresa bateko kideak. Txerria zatitzeko eta zerbitzeko garaian, hainbat mutiloarren laguntza izan zuten. Eguerdiko hamabietatik aurrera eduki zuten aukera bertaratutakoek, erretako txerriaren pintxoak dastatzeko. Ugaldek aipatu duenez, «txerri laurdena soilik geratu zen [...]
Egun guztian zehar euria aritu arren, hainbat lagun gerturatu zen igandean Mutiloara, txerri azokaz gozatzera. Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak jakitera eman duenez, goiz partean hutsik antzean zegoen herria, baina eguerdian jende dezente bildu zen pilotalekuan. «Eguraldia kontutan hartuta, jendeak ondo erantzun du, nire iritziz». Jende gehiena Goierrikoa zen, baina besteak beste, Azkoitiatik eta Tolosaldeko herrietatik joandako bisitariak ere ikus zitezkeen bertan.
Goizeko hamarretatik aurrera ireki zuten azoka mutiloarrek. Iñaki Larrañaga eta Agustin Elortza trikitilariak arduratu ziren giroa jartzeaz, baina ez goiz partean bakarrik, eguerdian eta arratsaldean ere bai.
Txerriak ikusgai
Herrigunean zehar hainbat arrazako txerriak zeuden ikusgai. Helduen zein haurren arreta piztu zuten, baina jendeak, bustitzeko beldurrarengatik, ez zuen haiei begira denbora gehiegi pasatzen. Herritarrak zein bisitariak, batez ere, pilotalekuaren barruan eta elizaren aterpean ibili ziren.
Pilotalekuaren barruan, herritar taldea bazkarirako menua prestatzen aritu zen goiz partean: babarrunak, azarekin, odolkiarekin eta saiheskiarekin. Bertakoen hitzetan «gaurkoa bezalako girorako menu ezin hobea». Haurrentzako, xolomoa eta patata frijituak egin zituzten. Bestalde, pilotalekuaren ondoan txerria erretzen aritu ziren zeregin horietara dedikatzen diren enpresa bateko kideak. Txerria zatitzeko eta zerbitzeko garaian, hainbat mutiloarren laguntza izan zuten. Eguerdiko hamabietatik aurrera eduki zuten aukera bertaratutakoek, erretako txerriaren pintxoak dastatzeko. Ugaldek aipatu duenez, «txerri laurdena soilik geratu zen jan gabe».
Txerriaren pintxoez gain, odolki eta txistorra pintxoak dastatzeko aukera ere izan zuen jendeak. Guztira 40 kilo odolki eta 15 kilo txistorra saldu zituzten. Bestalde, adituak urdaiazpikoa nola ebaki behar den erakusten ere aritu ziren. Ondoren, hark moztutako urdaiazpikoa dastatu ahal izan zen. Urdaiazpiko erdia jan zen gutxi gora-behera. Pintxoak jateaz gain, hainbat ekoizleri produktuak ere erosi zizkieten askok.
Odolki-egite erakustaldia
Eguerdiko hamabietatik aurrera, osagai guztiak hartu eta odolkiak nola egiten diren erakusten aritu zen herritar taldea. Juanita Murgiondok, Rexu Olaetxeak, Maite Zabaletak eta Josune Murgiondok hartu zuten beraien gain zeregin hori. Jende mordoxka hurbildu zitzaien lau emakumeei, jakinminak bultzatuta. Batzuk galderak egin zizkieten eta beste batzuk eurek nola prestatzen dituzten azaldu zieten. Bat edo beste argazkiak ateratzen ere aritu ziren. Giro goxoa sortu zen, pilotalekuaren barruan egokitutako sukaldean.
Umeek txerriak ikusteaz gain, galleta ekologikoak nola prestatzen diren ikasteko aukera izan zuten Ezkio-Itsasoko Zuhaitz Akizuren eskutik. 30bat umek parte hartu zuten tailerrean. Astoen gainean ere ibiltzekoak ziren, baina eguraldiarengatik bertan behera utzi behar izan zuten hasierako asmoa.
Bazkarian 140 lagun
Goiz pasa ederra eginda, askok etxerako bidea hartu zuten bazkal garairako. Beste batzuk bertan geratu ziren, eta azokari bukaera emateko bazkaria egin zuten pilotalekuan. Guztira 140 lagun bildu ziren. Bazkal ondorenean, trikiti doinuak izan ziren nagusi, eta bertan bildutakoen hitzetan «giro oso ona» sortu zen.