Oria ibaia gaur, Ordizia parean.
Asteburuko euriteek makina bat arazo eta buruhauste sortu dute Euskal Herriko bazterretan. Goierrin ere gogotik egin du euria, baina ez da beste toki batzuetan adinako arazorik izan. Ordiziako neurgailuak jasotako datuen arabera, larunbatean metro koadroko 90,1 litro ur bota zituen, eta igandean, 99,8 litro. Orduko litro kopururik handiena berriz, igande goizaldeko 01:50ean izan zen; metro koadroko 10,3 litro jaso zituzten. Hezetasuna berriz, %101era iritsi zen igande iluntzeko 20:30ean.
Horrelakoetan gertatu ohi den moduan, gehienak errekei begira jarri ziren, zenbateraino haziko ote ziren jakin nahian. Goierrin aparteko larritasunik izan ez bada ere, zenbait puntutan errekak atera ere egin ziren. Ataunen esaterako, hainbat belar sorotara atera zen Agauntza erreka. Ormaiztegin berriz, errekaren ondoan dagoen lurpeko garaje batean sartu zen ura; beste eurite batzuetan ere gertatu izan da horrelakorik.
OHARRA: Irakurleren batek bere inguruan izandako kalte edo arazoren baten berri eman nahiko balu, albiste honi iruzkin bat idatzita egin dezake.