Iñaki Azurmendi Euskal Herriko txapeldun
Iñaki Azurmendi aizkolari arriarandarrak Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketa irabazi du. Sei segunduko aldea atera dio bigarrenari, Floren Nazabal nafarrari, eta ia bi minutu hirugarren egin zuen Juan Jose Lopezi. Azurmendiren bederatzigarren finala izan zen atzo Elizondon (Nafarroa) jokatu zutena, eta lehen aldiz jantzi du txapeldun handiaren txapela. Lehen enborretan “lasai eta presarik gabe” aritu zen beasaindarra, eta amaieran indartsu aritzeko. Finalaren aurretik iragarri zuen eztarritik “justu samar” zebilela eta saio garrantzitsua izan arren, ez zuen hasieratik gogor hasteko asmorik. Helburuak beteta, final ikusgarria eskaini zuten Azurmendik eta Nazabalek. Enborrren erdiak ebaki arte, Lopez joan zen aurrena hasieratik, seigarren enborrean Nazabal jarri zen aurretik, Azurmendi bigarren eta Lopez hirugarren. Ordutik aurrera, Azurmendi eta Nazabal ziren txapela irabazteko aukera gehien zituztenak. Azurmendik ongi ebaki zituen hiru oinbikoak, baina laugarren epaia egiteko bi aldiz itzuli behar izan zuen enbor gainean, eta bost segundora hurbildu zitzaion Nazabal. Hala ere, txapeldun-ordeak ez zuen etsi eta gogor eutsi zion erritmoari. Azkenaurreko enborrean hamahiru segundoko aldea zuen Azurmendik, eta Nazabalek erritmoa gogortu bazuen ere, ez zuen Azurmendi gailentzerik lortu, azkenaurreko kanaerdikoan epaia itxi eta buelta eman behar izan baitzuen nafarrak. Saioaren amaieran pozik agertu zen atzo Azurmendi, eta txapela Aitor Esnaolari eta Batis Kortajarenari eskaini [...]
Iñaki Azurmendi aizkolari arriarandarrak Euskal Herriko Maila Nagusiko Aizkora Txapelketa irabazi du. Sei segunduko aldea atera dio bigarrenari, Floren Nazabal nafarrari, eta ia bi minutu hirugarren egin zuen Juan Jose Lopezi. Azurmendiren bederatzigarren finala izan zen atzo Elizondon (Nafarroa) jokatu zutena, eta lehen aldiz jantzi du txapeldun handiaren txapela. Lehen enborretan “lasai eta presarik gabe” aritu zen beasaindarra, eta amaieran indartsu aritzeko. Finalaren aurretik iragarri zuen eztarritik “justu samar” zebilela eta saio garrantzitsua izan arren, ez zuen hasieratik gogor hasteko asmorik. Helburuak beteta, final ikusgarria eskaini zuten Azurmendik eta Nazabalek.
Enborrren erdiak ebaki arte, Lopez joan zen aurrena hasieratik, seigarren enborrean Nazabal jarri zen aurretik, Azurmendi bigarren eta Lopez hirugarren. Ordutik aurrera, Azurmendi eta Nazabal ziren txapela irabazteko aukera gehien zituztenak. Azurmendik ongi ebaki zituen hiru oinbikoak, baina laugarren epaia egiteko bi aldiz itzuli behar izan zuen enbor gainean, eta bost segundora hurbildu zitzaion Nazabal. Hala ere, txapeldun-ordeak ez zuen etsi eta gogor eutsi zion erritmoari. Azkenaurreko enborrean hamahiru segundoko aldea zuen Azurmendik, eta Nazabalek erritmoa gogortu bazuen ere, ez zuen Azurmendi gailentzerik lortu, azkenaurreko kanaerdikoan epaia itxi eta buelta eman behar izan baitzuen nafarrak.
Saioaren amaieran pozik agertu zen atzo Azurmendi, eta txapela Aitor Esnaolari eta Batis Kortajarenari eskaini zien.
Denborarik motelena
Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako antolatzaileek eman dituzten datuen arabera, aizkolari guztiek azken urteetan baino denbora gehiago behar izan dute finaleko lana egiteko. Azurmendi txapeldunak, esaterako, “azken 27 urtetotako finaletako denborarik motelena” egin duela jakinarazi dute: “Iaz Olasagastik egindako denborarekin alderatuta, 10 minutu eta 29 segundo gehiago behar izan ditu Azurmendik”. Beasaindarrak, iaz baino zazpi minutu eta 44 segundo gehiago behar izan ditu aurten.
SAILKAPENA:
1. Iñaki Azurmendi (Beasain): 46:50
2. Floren Nazabal (Etxarri-Aranaz, Nafarroa): 46:56
3. Juan Jose Lopez (Lezaun, Nafarroa): 48:41
4. Joxemari Olasagasti (Donostia, Gipuzkoa): 49:52
5. Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia): 53:49
6. Luis Txapartegi (Zestoa, Gipuzkoa): 58:38