‘Mingainluze’ lehiaketan 156 pertsonek hartuko dute parte
Larunbatean hasiko da Urretxun eta Zumarragan Mingainluze txapelketa. 52 taldek eman dute izena lehiaketan eta aurrekanporaketak larunbatean eta igandean egingo dituzte.
Lehiaketa bi herrietako udaletako euskara eta kultura sailek eta Zumarraga-Urretxuko Bertso Eskolak antolatu dute. ETB telebista kateko Mihiluze saioan oinarrituta dago. Urrian ireki zuten izena emateko epea eta antolatzaileek, harrera «benetan ona» izan dela esan dute. «Aurreikuspenik baikorrenak ere txiki utziz», herriko hiru ikastetxetako 52 taldek eman dute izena lehiaketan. Talde bakoitza 3 gaztetxok osatzen dute eta beraz, osotara 156 pertsonek hartuko dute parte lehiaketan. Antolatzaileak «benetan pozik» daude lehiaketak gaztetxoen artean izan duen erantzunarekin.
Txapelketarako, hiru kanporaketa eta finala zituzten aurreikusita hasiera batean, baina izena eman duten taldeen kopurua nabarmen igo denez, aurrekanporaketa batzuk egiteko beharra «ezinbestekotzat» jo dute. Horrela, asteburu honetan jokatuko dira bi aurrekanporaketak, larunbatean eta igandean. Urretxuko Labeaga aretoan egingo dituzte saioak, 17:30ean.
Aurrekanporaketa bakoitzean 26 taldek hartuko dute parte, eta 6 taldek egingo dute aurrera egun bakoitzean. Horrela, 12 taldek jokatuko dute fase nagusia, azaroaren bukaeran eta abenduan ospatuko dena. Aurrekanporaketa hauetan, talde bakoitzak proba bat egingo du gutxienez, eta puntu gehien lortzen duten taldeek aurrera egingo dute, bigarren ariketa batera. Azkenean, 6 talde onenak pasako dira aurreragoko fasera. Asteburu honetan egin beharko dituzten probak erantzuna emanda eta tribuaren berbak izango dira. Saio guztiak publikoari irekiak izango dira, eta antolatzaileek herritar guztiei zabaldu diete gonbidapena, Labeaga aretora inguratu eta gaztetxoen lehiaketa dibertigarri batez goza dezaten.













