“Herriaren borondatea errespetatuko duten” azaltzeko eskatu die Amaiurrek PSOEri eta PPri
Maite Aristegi Amaiurren Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak dei zuzena egin die PSOEri eta, «batez ere, PPri, ea herri honen borondatea errespetatuko duten edo ez jendaurrean adierazteko». Hala eskatu zien Aristegik atzo iluntzean Beasainen egin zuten ekitaldian. Aristegiren ustez, kanpainan zehar dagoeneko argi geratzen ari da «mahai gainean bi proiektu garbi daudela: PPk ordezkatzen duena, ukatzailea eta ezezkoa esaten duena. Eta Amaiurtik planteatzen dena, etorkizuneko proiektua, justizia sozialean, parekidetasunean, amalurraren errespetuan eta defentsan oinarritua». Politikoki ez ezik, «alor sozio-ekonomikoan ere elkar jotzen dute» bi proiektuek, horregatik, Amaiurrek «burujabetza osoko esparru politiko eta ekonomikoa» eskatuko du Madrilen. Beasainen egindako agerraldian koalizioko Gipuzkoako zerrendaburuak adierazitakoaren arabera, «EAJk, PPk eta PSOEk partekatzen duten eta krisia ekarri duen ereduaren aurrean, alternatiba sustatzen duen bakarra Amaiur da». Hala, Madrilera borondate demokratikoarekiko errespetua «exigitzera» joango direla gaineratu du. Autodeterminazioa abiapuntu Historikoki «ukatua izan den herria» da Euskal Herria Amaiurrentzat eta, horregatik, «era zilegi eta demokratikoan» herritarrek duten erabakitzeko eskubidea eskatuko dute, «elkarbizitzarako funtsezko elementua delako». Alde horretatik, Rubalcabak eta Raxoik telebistan egindako eztabaidan bi hautagaiak «beste mundu batean» daudela esan zuen Aristegik Beasainen: «Batek, lehen egin ez dituen guztiak orain egingo dituela esanez, egin dituen guztiak ahaztuta. Eta bestea ere lehen egon zenean egindako guztiaz ahaztuta beste batzuk [...]
Maite Aristegi Amaiurren Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak dei zuzena egin die PSOEri eta, «batez ere, PPri, ea herri honen borondatea errespetatuko duten edo ez jendaurrean adierazteko». Hala eskatu zien Aristegik atzo iluntzean Beasainen egin zuten ekitaldian.
Aristegiren ustez, kanpainan zehar dagoeneko argi geratzen ari da «mahai gainean bi proiektu garbi daudela: PPk ordezkatzen duena, ukatzailea eta ezezkoa esaten duena. Eta Amaiurtik planteatzen dena, etorkizuneko proiektua, justizia sozialean, parekidetasunean, amalurraren errespetuan eta defentsan oinarritua». Politikoki ez ezik, «alor sozio-ekonomikoan ere elkar jotzen dute» bi proiektuek, horregatik, Amaiurrek «burujabetza osoko esparru politiko eta ekonomikoa» eskatuko du Madrilen.
Beasainen egindako agerraldian koalizioko Gipuzkoako zerrendaburuak adierazitakoaren arabera, «EAJk, PPk eta PSOEk partekatzen duten eta krisia ekarri duen ereduaren aurrean, alternatiba sustatzen duen bakarra Amaiur da». Hala, Madrilera borondate demokratikoarekiko errespetua «exigitzera» joango direla gaineratu du.
Autodeterminazioa abiapuntu
Historikoki «ukatua izan den herria» da Euskal Herria Amaiurrentzat eta, horregatik, «era zilegi eta demokratikoan» herritarrek duten erabakitzeko eskubidea eskatuko dute, «elkarbizitzarako funtsezko elementua delako». Alde horretatik, Rubalcabak eta Raxoik telebistan egindako eztabaidan bi hautagaiak «beste mundu batean» daudela esan zuen Aristegik Beasainen: «Batek, lehen egin ez dituen guztiak orain egingo dituela esanez, egin dituen guztiak ahaztuta. Eta bestea ere lehen egon zenean egindako guztiaz ahaztuta beste batzuk egingo dituela esanez».
Horren guztiaren aurrean, Amaiurren ez dute zalantzarik eta «autodeterminazioaren aldeko gehiengo zabala dagoela ikusaraziko» dute, nahiz eta Rubalcabak eta Raxoik «minutu bate ere ez eman euskal gaiari, hemengo gatazkari». Aristegiren arabera, ETAk egindako iragarpenarekin bi hautagaientzat «dena amaituta dago, baina haientzat amaiera dena, guretzat abiapuntua besterik ez da», azaldu du. Abiapuntu horretatik hasita, «eszenatoki demokratiko horretara» iritsi nahi du Amaiurrek.
Larunbatean Donostiako belodromoan egingo duten ekitaldira joateko deia luzatu zuen Aristegik, «taupadaz taupada Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko».
«Libre eta sozialista»
Aristegi hautagaiarekin batera, Jule Goikoetxea kongresurako hautagaiak eta Alberto Unamutzaga senaturako hautagaiak parte hartu zuten Beasaingo ekitaldian. Goikoetxearen arabera, «Euskal Herri libre eta sozialista eraikitzeko Amaiur da tresna eta alternatiba bakarra». Horregatik, koalizioak ozen aldarrikatuko du Madrilen «euskal demokrazia euskal herritarrena dela». Ez Madrilek, ez Murtziak eta ez Espainaiak ezin dutela etorkizuna baldintzatu esan du Goikoetxeak, «demokrazia ez delako kiloka pisatu eta banatu daitekeen gozoa».
Murrizketa sozialen aurrean politika sozial gehaigorekin erantzungo du Amaiurrek, «zatiketaren aurrean, indar metaketarekin erantzungo du».
Unamutzagak Euskal Herriak bizi duen aldaketa sozial eta politikoa ekarri zuen gogora, eta «errepublika bat, estatu propio bat eta Europan zuzezenean egoteko aukera lortzeko» Amaiurrentzako botoa eskatu zuen. Hala, «Euskal Herriaren etorkizuna bermatzeko», Madrilen bi oinarri landuko dituztela azaldu zuen: «Euskal gatazkaren behin betiko erresoluzioa, eta pertsonen beharretara oinarritutako sistma ekonomiko bat garatzeko oinarriak». Azken finean, Amaiurrek «Euskal Herria nazioa dela» aldarrikatu du, «euskal gizartea bere etorkizunaren jabe izan dadin».













