Zaldibian parkeak biziberritzen
Zaldibian herriguneko lau jolastoki, parke edo kirol pistatan berrikuntzak egiten ari da Udala. Plazan, azaroaren lehenean zabaldu zuten haurrentzako jolastoki berria, ziburu eta jostailu modernoekin hornitutakoa. Beste zenbait eremutan ere jarduerak h...
Zaldibian herriguneko lau jolastoki, parke edo kirol pistatan berrikuntzak egiten ari da Udala. Plazan, azaroaren lehenean zabaldu zuten haurrentzako jolastoki berria, ziburu eta jostailu modernoekin hornitutakoa.
Beste zenbait eremutan ere jarduerak hasita daude. Eusko Jaurlaritzaren Erein garapen programako diru laguntak baliatu ditu udalak.
Lardizabal herri eskola ondoan dagoen kirol pistari zorua aldatuko diote, datorren astean, eguraldiak lagunduz gero. Alfonbra moduko belar artifizial erako estalki bigungarria kokatuko dute. Behin zorua finkatutakoan, kirolean aritzeko makineria jarriko dute: futboleko ateak, saskibaloiko saski-zutoinak, eta teniserako nahiz boleibolerako sarea.
Parke Botanikoan, makinak
Zerbitzu berriak jarriko dituzten beste leku bat Parke Botanikoa da. Gorputz ariketak egiteko bederatzi makina jarriko dituzte, Goierriko beste zenbait herritan azken urteotan kokatu dituzten antzekoak, Itsasondon, Lazkaon, Idiazabalen… kasu.
Makina batzuk abendurako erabilgarri izango direla aurreratu du Udalak, eta gainontzekoak urte bukaeran edo datorrenaren hasieran kokatuko dituzte. Herriko medikuen eta arloko profesionalen aholkuak aintzat hartuta aukeratu dituzte ariketa-tresnak.
Parke Botanikoaren alboko jolas lekua ere berrituko dute. Irail hasieran kendu zuten lehengo haur parkea. Lehengoa baino handixeagoa da jolastoki berria.
Lan horien aurretik, asteotan garbitze eta kimatze lanak egin ditu Udalak Parke Botanikoan.












