Astotxoa, zilarretan
Mende laurdena bete du Astotxo eguneko antzezpenak. Egiptorako ihesa antzezpenaren zilarrezko ekitaldia izateak markatu du aurten Lazkaoko festa, herenegun. Haurrei iritsarazi diete etorkizunerako giltza, jarraipidea ziurtatzen haste aldera desfilea egin baitzuten hogeita hamar bat haurrek herri antzerki nagusiaren aurretik. Geroa irudikatu zuten nolabait, jarraian helduek egin zuten antzeko ibilaldia eginda. Astoa izan zen, esan gabe doa, Astotxo eguneko figura garrantzitsuena. Goiz-goizetik 70 bat buru jarri zituzten Gipuzkoa osoko ganaduzaleek plazan, erakusketan. Bien bitartean, moja zistertarren Santa Ana komentura etengabe ibili zen jendea sartu-irtenean, festaren sorburuan dagoen eskultura multzoa ikusi —agintariengandik ihesi, Mariak eta Josek Jesus haurra Judeatik Egiptora asto gainean eraman zuteneko pasartea oroitzen du—, salda beroa hartu, eta egunaren nahitaezko ikur diren obleak erosteko. Mantsotik esnatu zen igandea, bisitarien ibilaroari dagokionez. Enkarterrietako astoa — Euskal Herrian berezko arraza— berreskuratzeko eta duela urte batzuk egon zen bezala galbidetik ateratzeko ekimenez, enparantza nagusia erakusketa leku izan zen. Kalifikazio ofiziala burutu zuten, bigarren aldiz. Hamabost buru ikuskatu zituzten albaitariek, eta seik lortu zuten arraza garbiari legozkiokeen ezaugarrien ziurtagiria. Gainontzekoak «txikiegiak edo gazteegiak» izateagatik geratu ziren aitortza hori gabe. Kalifikazioa jaso zutenetatik bi, gainera, Gipuzkoako XIII. Lehiaketaren finalera igaro ziren. Ezinbesteko baldintza da kalifikazio ofiziala edukitzea lehiaketara aurkezteko. Eguerdian hasi zen asto lehiaketaren [...]
Mende laurdena bete du Astotxo eguneko antzezpenak. Egiptorako ihesa antzezpenaren zilarrezko ekitaldia izateak markatu du aurten Lazkaoko festa, herenegun. Haurrei iritsarazi diete etorkizunerako giltza, jarraipidea ziurtatzen haste aldera desfilea egin baitzuten hogeita hamar bat haurrek herri antzerki nagusiaren aurretik. Geroa irudikatu zuten nolabait, jarraian helduek egin zuten antzeko ibilaldia eginda.
Astoa izan zen, esan gabe doa, Astotxo eguneko figura garrantzitsuena. Goiz-goizetik 70 bat buru jarri zituzten Gipuzkoa osoko ganaduzaleek plazan, erakusketan. Bien bitartean, moja zistertarren Santa Ana komentura etengabe ibili zen jendea sartu-irtenean, festaren sorburuan dagoen eskultura multzoa ikusi —agintariengandik ihesi, Mariak eta Josek Jesus haurra Judeatik Egiptora asto gainean eraman zuteneko pasartea oroitzen du—, salda beroa hartu, eta egunaren nahitaezko ikur diren obleak erosteko.
Mantsotik esnatu zen igandea, bisitarien ibilaroari dagokionez. Enkarterrietako astoa — Euskal Herrian berezko arraza— berreskuratzeko eta duela urte batzuk egon zen bezala galbidetik ateratzeko ekimenez, enparantza nagusia erakusketa leku izan zen.
Kalifikazio ofiziala burutu zuten, bigarren aldiz. Hamabost buru ikuskatu zituzten albaitariek, eta seik lortu zuten arraza garbiari legozkiokeen ezaugarrien ziurtagiria. Gainontzekoak «txikiegiak edo gazteegiak» izateagatik geratu ziren aitortza hori gabe. Kalifikazioa jaso zutenetatik bi, gainera, Gipuzkoako XIII. Lehiaketaren finalera igaro ziren. Ezinbesteko baldintza da kalifikazio ofiziala edukitzea lehiaketara aurkezteko.
Eguerdian hasi zen asto lehiaketaren une gorena, Gipuzkoako asto ar eta eme onenak izendatzekoa. Finalera bosna buru sartu zituzten, guztizko 51 buruen artetik aukeratuak. Aurreko urteetan sari ugari eraman dituen Txomin Arriola elgoibartarrak lortu ditu aurten bi arloetako sariak. Ar onena Pako astoa izendatu zuten, eme onena Mina. 300na euro eta zintzarri bana izan da saria.
Epaimahaiko kide Txus Aiastuik azaldu duenez, «astoaren itxura, altuera, muturra eta sabelaldea» dira gehien begiratzen dituzten gaiak; «eta, garrantzitsuena, astoak orokorrean presentzia txukuna izatea, orraztuta eta zainduta egotea».
Eme onena aukeratzeko arrekin baino lan gehiago eduki zuten epaileek. Mina irabazleaz gain, 17 zenbakidun Benita nabarmendu zuten, hura ere «oso-oso ederra» dela aipatuta. Asto emeen finalisten artean Arriolaren bi zeuden.
Zozketan, bestetik, 0512 zenbakidun txartelaren jabeari egokitu zaio saria: bi astakume.
Joxe Mari Lasa gogoan
Behin Gipuzkoako asto onenak izendatutakoan, Ohorezko Kontrapasa Asto Ahaltsuari martxaren doinura bi dantzarik Agurra dantzatuta egin zieten gorazarre abereei, baita haien jabeari ere. Goierriko txistulari talde batek jarri zuen musika, Beasaingo, Segurako edota Idiazabalgo ordezkariekin, eta Azpeitiko tronpetalariekin.
Une berezia eskaini zioten han ziren guztiek Joxe Mari Lasa zenari. Txistulari eta kultura-langile urretxuarra aurreko astelehenean hil zen. Urtero Lazkaon izan ohi zen, txistua jotzen. Minutuko isilunea egin eta txalo zaparrada jo zioten Lasaren oroimenari, Lazkaon ere estimatua zen eta.
Zelaian, bi mila urte atzera
Asto lehiaketa bukatu orduko hasi zen Egiptorako ihesa, Lazkao Txiki Zelaian. Azken urteetan garatu izan duten gidoi bera izan zuen, elkarrizketetan zatitxo batzuk gehituta edo eszenografian elementu mugikor batzuk gehituta berrikuntza ukitua emanda.
Ehun eta berrogeita hamar bat lazkaotarrek antzeztu zuten Herodesen jauretxearen inguruan. Mesias berria jaio zen albistea, erromatar gobernatzailearen agintea zalantzan jarriko zuen kezka, sublebazio saiakera oro deusezteko neurriak, eta bi urtetik beherako haur guztiak akabatzeko agindua irudikatu zituzten, beste behin.













