
Goierrialdeko autobus zerbitzuak hainbat aldaketa izango ditu datorren astelehenetik aurrera. Batetik, Zaldibia-Zegama eta Ataun-Beasain zerbitzuen ordutegia aldatuko da, eta bestetik, Zaldibia-Zegama zerbitzuko ibilbidean ere izango da aldaketarik.
Aldaketarik nabarmenenak, Zegama eta Zaldibia lotzen dituen L1 lineak izango ditu. Hala, Zegamatik 06:40an eta 08:05ean, eta Idiazabaldik 08:00etan abiatzen diren autobusak, ez dira Carrefourren sartuko. Horren ordez, N-1etik joango dira, eta Ihurren izango dute geralekua. Zaldibiatik 07:15ean, 08:45ean, 13:15ean eta 21:20an datozenak, ez dira Ihurren sartuko, eta Arcelor enpresaren parean geldituko dira. Bestalde, Zegaman, zerbitzu gehienak farmazia parean hasi eta bukatuko dira. Ordutegi berriak, autobusetan, udaletxeetan eta mugipuzkoa.com webgunean aurki daitezke. Atari horrek, garraio publiko ezberdinen arteko loturak egiteko aukera ere ematen du.
Eskualdeko mapa berria
Bestalde, Gipuzkoako garraio publikoa koordinatzen duen Mugipuzkoa agentziak, Gipuzkoako zazpi eskualdetako garraioaren mapak argitaratu ditu; tartean dago Goierrikoa, eskualdeko 22 herriak batzen dituena. Mapa horretan, Lurraldebus eta Goierrialdea autobus zerbitzuak eta Renferen tren zerbitzuak daude jasota, bakoitzaren ibilbideekin eta ordutegiekin.
Mugipuzkoa agentziak azaldu duenez, mapa horietako informazioa «urtean bi aldiz eguneratu, editatu eta banatuko da». Eskualde bakoitzeko garapen agentziekin elkarlanean banatuko dituzte garraio mapak, eta hainbat gunetan jaso ahal izango dira: herritarren arretarako bulegoetan, kultur etxeetan, turismo bulegoetan, liburuetan, osasun zentroetan eta kiroldegietan, esate baterako.