Inauteriak bete-betean iritsi dira Goierrira
Inauteriak ere iritsi dira Goierrira. Atzo hasi zituzten ekintzak, eta asteartera bitartean, ez dute etenik izango. Dantzaldiak, ikuskizunak, desfileak, jaialdiak… formak denetarikoak izango dira. Helburua, aldiz, bakarra: mozorrotu eta ondo pasatzea. Gaur, esaterako, Seguran Hartzaren Jaia ospatuko dute, arratsaldean. Legazpin, hartzak ez, eta katamotzak beldurtuko ditu umeak. Zumarragan, azkenik, dantza egiteko tartea irekiko dute, Beloki pilotalekuan, 16:30ean. Herriko ekitaldi hauei eskoletakoak ere batu behar zaizkie, izan ere, ikastetxe askotan gaur ospatuko dituzte umeek inauteriak. IKUSI EGITARAUA
Goierri guztian ospatuko dira inauteriak asteburu honetan hasi eta asteartera bitartean. Eskoletako haurrak izango dira, dena den, gaur herri gehientsuenetan protagonistak. Mozorroak gainean, ibilbide asko daude aurreikusita, gehienak arratsalderako. Baina goizean kalera atera denik ere bada. Gaur goiztiarrenak Beasaingo La Salle ikastetxekoak izango dira, intsektuz jantzita ibili dira kaleetan zehar.
Itsasondoko Herri Eskolan 14:30ean eman diote hasiera mozorroen ibilaldiari. Azkenean, guztiak eskolako patioan bildu dira. Era guztietako mozorroak nahastu dira bertan, superheroiak, hondakinak botatzeko kontenedoreak eta ijituak edo buhameak ere bertan izan dira.
Segurako Laiotz Herri Eskolakoek 15:00etan hasi dute euren mozorro desfilea. Irakasleak eta ikasleak hippiez jantzi dira.
Erlazionatutako edukiaGoierri inauterien atarian da