Lete azken oholtzara ekarriko du Sarasuak
Xabier Lete poeta eta kantari oiartzuar zena Ataungo Herri Antzokira itzuliko da, modu batera badarik ere, bihar. 2010eko abenduaren 4an hil zen, eta zuzeneko azken kantaldi-errezitaldia Ataungo oholtza horretan egin zuen, urte hartako maiatzaren 8an. Azkenekoa izango zelako historiara igaro den duela hiru urteko ekitaldi hartan entzuleen artean zen Jon Sarasua bertsolari eta idazle aretxabaletarra; Leterekin kantuberbetan saioan gogoratuko du orain, espazio eta espiritu bera partekatuz. «Kantaldi komentatua eta hitzaldi kantatua, biak batean» izango da ikuskaria, Jon Sarasuak aditzera eman dutenez. Leteren «interpretazio bat» egingo du: ibilbidearena eta bilakaerarena, haren hamar abesti eta hitzezko azalpenak txandakatuta. Ekitaldia bihar izango da, larunbata, Ataun San Martin auzoan dagoen Herri Antzokian, 19:00etan hasita. Sarrera 3 euro da, eta aldez aurretik eros liteke: Troskaeta eta Sutegi tabernetan (Ataun), Gerriko liburu-dendan (Lazkao), Elorripe edaritegian (Segura) eta Mujika edo Larratxa liburu-dendan (Ordizia). Sarasua gitarra lagun hartuta ariko da, lehen abestietan ahotsaren osagarri bakar hartuta. Azkenerako, Aitor Ziardegi piano-jotzaile aretxabaldarrak ere lagunduko dio musikarekin, Letek bere ibilbidean egin zuen bezala. Saio xumea eta intimoa Emanaldia «intimoa eta xumea» da, Sarasuaren esanetara; «sofistikazio gutxikoa». Leteren bizitza artistikoko bi etapa handiak islatuko ditu Sarasuak, abestietan oinarrituta: «Kanta bakoitzaren atzean zer dagoen hitz egingo dut, Leteri buruz, garai haiei buruz, [...]
Xabier Lete poeta eta kantari oiartzuar zena Ataungo Herri Antzokira itzuliko da, modu batera badarik ere, bihar. 2010eko abenduaren 4an hil zen, eta zuzeneko azken kantaldi-errezitaldia Ataungo oholtza horretan egin zuen, urte hartako maiatzaren 8an. Azkenekoa izango zelako historiara igaro den duela hiru urteko ekitaldi hartan entzuleen artean zen Jon Sarasua bertsolari eta idazle aretxabaletarra; Leterekin kantuberbetan saioan gogoratuko du orain, espazio eta espiritu bera partekatuz.
«Kantaldi komentatua eta hitzaldi kantatua, biak batean» izango da ikuskaria, Jon Sarasuak aditzera eman dutenez. Leteren «interpretazio bat» egingo du: ibilbidearena eta bilakaerarena, haren hamar abesti eta hitzezko azalpenak txandakatuta.
Ekitaldia bihar izango da, larunbata, Ataun San Martin auzoan dagoen Herri Antzokian, 19:00etan hasita. Sarrera 3 euro da, eta aldez aurretik eros liteke: Troskaeta eta Sutegi tabernetan (Ataun), Gerriko liburu-dendan (Lazkao), Elorripe edaritegian (Segura) eta Mujika edo Larratxa liburu-dendan (Ordizia).
Sarasua gitarra lagun hartuta ariko da, lehen abestietan ahotsaren osagarri bakar hartuta. Azkenerako, Aitor Ziardegi piano-jotzaile aretxabaldarrak ere lagunduko dio musikarekin, Letek bere ibilbidean egin zuen bezala.
Saio xumea eta intimoa
Emanaldia «intimoa eta xumea» da, Sarasuaren esanetara; «sofistikazio gutxikoa». Leteren bizitza artistikoko bi etapa handiak islatuko ditu Sarasuak, abestietan oinarrituta: «Kanta bakoitzaren atzean zer dagoen hitz egingo dut, Leteri buruz, garai haiei buruz, bere bilakaera ideologikoaz nahiz espiritualaz. Poeta sozialaren aldia, eta esistentzialista modura bizitzaren bigarren etapan ibilbide intimoago bat egin zuen, espiritualtasunaren eta erlijioaren bidetik», azaldu du Sarasuak.
Leterekin kantuberbetan saioa ikusteko eta entzuteko hirugarren aukera izango da Ataungoa. Aurreneko emanaldia Aretxabaletan egin zuen, Leteren heriotzaren urteurrenerako. Asteartean Iruñean izan zen. «Esperientzia oso politak izan dira. Pozik gelditu gara aurreko bi saioetan. Ez da leku askotan egiteko gauza bat».
Goierriko lau herritan euskal liburu eta diskoen abenduko azokak gauzatu zituzten eragileak aritu dira saioaren antolakuntzan; Lazkaoko, Ataungo, Segurako eta Ordiziako eragileak. «Azoka joan zen, baina lau herriok elkarlanean jarraitzen dugu. Elkarlan horren fruitu da kultur ekitaldi interesgarri hau», aurkeztu dute antolatzaileek saioa.
ELKARRIZKETA
Jon Sarasua: “Ez naiz ni Xabier Leteren kantaldi askotan egona, baina azkeneko hartan izan nintzen”
Zer formatutan planteatu duzu emanaldia?
Xabier Leteren 10 kanta hartu, eta kantu horien inguruan Xabierren ibilbidea, bere hasierako urteetatik bukaerako urteetaraino, eta bere bilakaerari buruzko emanaldi bat da. Atal zentrala, beharbada, 10 kanta horiek kantatzea da. Gehienak soilki, gitarra batekin eta ahots soilean, berak hasieran kantatzen zituen bezala, eta gero ja bukaerako kantak pianoz lagunduta. Hori izango da ardatza, baina horien inguruan asmoa da Xabierren ibilbidearen inguruko interpretazio pertsonala egitea: kanta bakoitzaren atzean zer dagoen, eta kanta aitzakia hartuz, Xabierri buruz hitz egiteko, garai haiez hitz egiteko, bilakaera ideologikoaz hitz egiteko…
Azalduko duzun Leteren bilakera ez da soilik literario-musikala bakarrik, beraz, baita arlo gehiagotakoa ere.
Bai, ideologikoa, eta baita espirituala ere. Berak baditu bi etapa handi: bat poeta sozial eta esistentzialista moduan. Eta bizitzaren bigarren etapan ibilbide intimoago bat, espiritualitatearen eta erlijioaren bidetik. Pixka bat denetik aztertuko dugu.
Pertsonalki zer harreman izan zenuen Leterekin?
Txikiak ginela, bere letra sozial eta esistentzialista haiek oso barrura sartzen zitzaizkidan. Beti egon da haren kantagintza nigan eragiten, bai txikia nintzela, eta bai aurrerago ere. Arreta eman izan dit beti bere esan indarrak, eta bere bilakaerak. Halaxe sentitu nuen banuela konplizitate bat edo sentipen bat. Gero, bestetik, ez dut gehiegi prestatu beharrik izan; gaztetatik gitarrarekin etxean beti kantatu izan ditut haren eta honen kantak, autore desberdinenak. Hor zeuden kanta horiek, ahalegin gehiegirik egin gabe, batzuetan hobeto kantatzen saiatu naiz, baina hor zeuden. Holaxe atera zait, bere urteurrena zela medio, holaxe sortutako ideia da.
Ataungo saioa anekdotikoa, gutxienik, izango da, Xabier Letek antzoki horretan egin zuelako zuzeneko azkeneko kantaldia, 2010eko maiatzaren 8an. Alde horretatik berezia izango da, oholtza berean egongo zarelako.
Bai. Egia esanda, han izan nintzen ni. Ez naiz ni Xabier Leteren kantaldi askotan egona, baina azkeneko hartan izan nintzen. Nik uste, zentzu horretan polita izango dela. Azken urteetan berarekin behin edo bitan egon, eta bazkaltzekotan geratu ginen. Geratuta geunden, baina begira, hori gauzatu baino lehenago joan zen. Zentzu horretan, harreman pertsonal txikia izan nuen Xabier Leterekin, baina izandakoa oso goxoa.
Emanaldia sofistikazio gutxikoa da. Xumea. Gitarra bat, nire ahotsa, eta kantu bakoitzaren azalpen bat eta horren inguruan egindako gogoeta batzuk. Orduan, nahiko emanaldi xumea eta intimoa da.
Neurri batean Leteren emanaldien espiritu berekoa, orduan.
Bai, hortik doa pixka bat. Esperientzia oso polita izan da. Aretxabaletan herritarren aurrean egin genuen eta oso pozik; Iruñean ere asteartean oso pozik gelditu gara. Ez da leku askotan egiteko gauza bat, ez daukagu ideiarik han eta hemen ibiltzekoa, baina behin prestatuz gero leku gutxi batzuetan egiteko prestatu gara.
Piano-jotzaile zein izango duzu?
Aitor Ziardegi, aretxabaletarra. Biok ariko gara oholtzan.