Atez ateko eredua “etsi-etsian inposatu nahi izatea” egotzi dio EAJk Bilduri
Atez ateko zabor bilketa eredua “etsi-etsian inposatu nahi izatea” leporatuko dio Ordiziako EAJk Bildu koalizioari. EAJren ustez, atez ateko sistema horren berri udalean eman ordez prentsaurreko baten bitartez ematea “errespetu gutxiko ekintza da”, eta helburu “partidista eta publizista” ere baduela iritzi dio. “Ordizia guztioi iruzur egin zaigula eta oposizioan gaudenoi gezurra esan zaigula salatu nahi dugu, gaia erabaki gabe zegoela esan zigutenean diputazioan eskaera egiten ari zirelako”. Bilduk ez duela gardentasunez jokatu adierazi du EAJk. Jeltzaleen arabera, ezker abertzaleak parte hartzeko prozesuak abiatu behar direla defendatu izan du beti, “onartzen ez dituen erabakiak zapuzteko” izan bada ere. “Orain, berriz, atez ateko sistema modu autoritarioan inposatzea erabaki du”. Jose Migel Santamaria EAJk Ordiziako Udalean duen bozeramaleak egin zituen adierazpenok atzo prentsaurrean, Judith Otegi, Arantxa Garin, Jose Inazio Iturrioz eta Bittor Bolinaga zinegotziak ondoan zituela. “Gastu arrunta haztea” EAJko ordezkarien iritziz, atez ateko bilketa sistemak ez dio konponbiderik ematen zaborraren azken hondarrari, “beti egongo baita ez aurreikusi, ez birziklatu eta ezta konpostatu ere ezin daitekeen hondar bat”. Jeltzaleen esanetan, atez ateko sistemak ez ditu zabortegiak eta errauste plantak saihestuko. “Ezker abertzaleak atez atekoarekin jarraitzeko erabakia hartzen badu, Gipuzkoako zabortegiak kolapsatu egin daitezke”. Horrez gain, sistema hori ezarriz gero Ordiziako Udaleko gastu arrunta [...]
Atez ateko zabor bilketa eredua “etsi-etsian inposatu nahi izatea” leporatuko dio Ordiziako EAJk Bildu koalizioari. EAJren ustez, atez ateko sistema horren berri udalean eman ordez prentsaurreko baten bitartez ematea “errespetu gutxiko ekintza da”, eta helburu “partidista eta publizista” ere baduela iritzi dio. “Ordizia guztioi iruzur egin zaigula eta oposizioan gaudenoi gezurra esan zaigula salatu nahi dugu, gaia erabaki gabe zegoela esan zigutenean diputazioan eskaera egiten ari zirelako”. Bilduk ez duela gardentasunez jokatu adierazi du EAJk.
Jeltzaleen arabera, ezker abertzaleak parte hartzeko prozesuak abiatu behar direla defendatu izan du beti, “onartzen ez dituen erabakiak zapuzteko” izan bada ere. “Orain, berriz, atez ateko sistema modu autoritarioan inposatzea erabaki du”. Jose Migel Santamaria EAJk Ordiziako Udalean duen bozeramaleak egin zituen adierazpenok atzo prentsaurrean, Judith Otegi, Arantxa Garin, Jose Inazio Iturrioz eta Bittor Bolinaga zinegotziak ondoan zituela.
“Gastu arrunta haztea”
EAJko ordezkarien iritziz, atez ateko bilketa sistemak ez dio konponbiderik ematen zaborraren azken hondarrari, “beti egongo baita ez aurreikusi, ez birziklatu eta ezta konpostatu ere ezin daitekeen hondar bat”. Jeltzaleen esanetan, atez ateko sistemak ez ditu zabortegiak eta errauste plantak saihestuko. “Ezker abertzaleak atez atekoarekin jarraitzeko erabakia hartzen badu, Gipuzkoako zabortegiak kolapsatu egin daitezke”.
Horrez gain, sistema hori ezarriz gero Ordiziako Udaleko gastu arrunta “modu nabarmenean” haziko litzatekeela uste du. Zabor bilketaren gastua “hirukoiztu” egingo litzateela iritzi dio EAJk, eta gaur egungo krisia aintzat hartuta, Ordiziako familien patriketan eragina izango lukeela. “Ezker abertzalea ordiziarrak engainatzen ari da, ez baitu esaten, edo ezkutatu egin baitu, errauste planta edo zabortegiak handitu edo berriak egin beharko direla”. Atez atekoarekin “fenomeno berri bat” sortzen ari dela dio EAJk, “zabor turismoa” izenekoa. “Antzuolan, esate baterako, hiri hondakinen %40 desagertu egin da 2011n, zabor hori aldameneko herrietan banatu duelako. Hitz batean, arazoa konpontzen ez duen sistemaren inposaketa jasan behar dugu”.
Sentsibilizazioa eta heziketa
EAJren arabera, hiri hondakinen bilketa selektiboa %17,4tik %43,31ra igo da Gipuzkoan hamar urtean, 2000tik 2010era. “Datu horiek ikusita, XXI. mendean sentsibilizazioa eta heziketa izan behar dira birziklapenaren alde egiteko oinarriak, eta ez inposizioa, Bilduk nahi duen bezala. Orain arte egindako lana da segitu beharreko bidea, Europako zabor bilketarako eredu aurreratuenekin bat etorrita”. Jeltzaleen iritziz, atez ateko sistemak “bizilagunen zakarrak gainbegiratzea eta kuxkuxeatzea” suposatzen du, “ondoren isunak jarri ahal izateko”.
Ordiziako EAJk esan duenez, errauste planta ez egiteko helburua hartuta, “etsi-etsian” ari da Bildu atez ateko eredua “inposatzeko ahalegina” eginez. “Etsi-etsian ari da Bildu, gaurkoan absurdoa kudeatuz, eta bihar, erremediorik jartzen ez bada, kaos hutsa sortuz”. EAJk ordiziarrenganako “errespetua eta begirunea” defendatu nahi ditu, “alderdien interes partidisten gainetik, eta herriaren beharrak eta nahiak bermatuz”.