Asanbladatan parte hartu duten hamar goierritarretatik bederatzik baiezkoa eman diote grebari

LAB eta ELA sindikatuek etzi, martxoak 29, egingo den Greba Orokorrerako antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 5.134 langilek hartu dute parte orain arte enpresatan, udaletxeetan eta eskolatan egin diren asanbladetan, eta hauetatik 4.690ek baiezkoa eman diote grebari. Beren aldetik, Urretxuko eta Zumarragako Bilduk eta Aralarrek “justizia sozialean oinarritutako alternatiba eraikitzeko lanean laguntzeko konpromisoa” hartu dute. Bi sindikatuek batera eskaini duten prentsa agerraldi batean, Goierrin grebari baiezkoa eman dioten enpresetako datuak eman dituzte. Bozketa egin den enpresa gehienetan, baiezkoaren alde egin dute. Gure eskualdeko enpresa “esanguratsuenetariko” batzuen datuak ere eman dituzte: • CAF (Alde %96,86) • Indar (Alde %94) • Jaso-Itsasondo (Alde %100) • CIE-Legazpi (Alde %96,24) • Carrefour (Alde %91,84) • Bellota (Alde %95,2) • Orbegozo (Alde %96) • Irizar (Alde %86,9) ELA sindikatuko Mikel Zabaletak datuak “historikotzat” definitu ditu. Grebak jarraipen “Arrakastatsua” izango duela ere aurreikusi du Zabaletak: “Jendea grebarekiko oso jarrera positiboa agertzen ari da. Eskualde honetako enpresen emaitzak ikaragarriak izaten ari dira”. Eman dituzten emaitzak ez dira enpresetara mugatu. Esan dutenez, “Goierriko udaletxe eta eskola guztietan langileak greba orokorraren alde atera dira”. Ez hori bakarrik. “Urte askotan zehar grebak egin direnean jarduna gelditu ez duten” hainbat enpresak ere, martxoaren 29an ateak itxi egingo dituztela eman dute jakitera sindikatuetako ordezkariek. Leku hauetako asanbladetan grebaren aldeko jarrera “gehiengo osoz” ateratzen ari dela ere gehitu dute. Goierrin, enpresa guztien datuak kontuan hartuta, orain arte egindako asanbladetan 5.134 langilek hartu dute parte. Grebaren alde 4.690 langile agertu dira; aurka 331; eta txurian 113k bozkatu dute. Asanbladetan parte hartu duten langileen %91,35ak grebaren alde egin du. Haizea Mendia, LAB sindikatuko ordezkariak esan duenez, asanbladetako emaitzak “oso onak” izaten ari dira: “langileek gehiengo handi batekin eman diote baiezkoa grebari”. Honekin batera, langileak eta herritarrak 29an egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte. Ekintzetan parte hartzea “garrantzitsutzat” jo dute: “bai 29an, eta baita aurrerago egingo diren ekimenetan ere”. Grebaren egunean, goizean Donostin Gipuzkoa mailako manifestazioa egingo dute. Goierritarrak 11:30ean Anoeta futbol zelaitik abiatuko den zutabean dute hitzordua. Hiru zutabe izango dira osotara, bidearen amaieran elkartu egingo direnak. Arratsaldean, berriz, Urretxun eta Beasasinen manifestazioak egingo dituzte, 18:30ean. Areizaga-Kalebarren eta Zubimuxu plazetatik abiatuko dira mobilizazioak, hurrenez hurren.

Bilduk eta Aralarrek 29an kalera aterako deia egin diete urretxuarrei eta zumarragarrei

Urretxuko eta Zumarragako Bildu eta Aralar alderdiek ohar bateratu bat igorri dute komunikabideetara. Bertan, martxoaren 29an kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei: “Justizia sozialean oinarritutako bestelako eredu bat aldarrikatzeko”. Bi alderdiek esan dutenez, “euskal gizarteak agerian utzi behar du beste hainbatetan adierazi duena: bestelako eredu sozio-ekonomiko eta politiko bat behar dituela, gizarte justuagoa eta solidarioagoa eraikitzeko”. Aralarren eta Bilduren ustean, “egiturazko” krisi honen kudeaketa “negargarriaren” azken ondorioa Espainiako Gobernuak onartutako lan erreforma da: “Beste behin, krisi honetara eraman gaituen eredu zaharraren kudeatzaileek krisiaren sorreran ardurarik izan ez duten gizarteko sektorerik ahulenen kontra egin dute; langileriaren kontra”. Salatu dutenez, “Lan harremanen esparrua erabat liberalizatu dute, eskubide sozial eta laboralei eraso zuzena eginez, negoziazio sindikala ezerezean utziz, eta honek langileen lan baldintzetan ondorio latz eta tamalgarriak izango ditu”. “Ez da eskuak gurutzatuta geratzeko garaia” ondorioztatu dute. Eredu ekonomikoa “iraultzeko” eta “burujabetza politiko eta ekonomikoa baliatuta herritarrak erdigunean izango diren gizarte eredua eraikitzen hasteko” unea iritsi dela esan dute. Era berean, bi alderdiek “justizia sozialean oinarritutako alternatiba eraikitzeko lanean laguntzeko konpromisoa” hartu dute: “Krisiaren aitzakiaren pean inposatu nahi dizkiguten neurri murriztaile eta atzerakoei “Nahikoa da!” esateko unea da”.
HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa