Liburuaren Eguna ari dira ospatzen Lazkaon, gaur, liburukiak %10 merkeago jarrita
Mundu mailako Liburuaren Eguna Goierrira ere iritsi da. Lazkaora, zehatzago. Gerriko liburu-dendak bat egin du nazioarteko ospakizunarekin, eta kalera atera dituzte salmahaiak gaur goizean. Liburuak %10eko deskontuarekin eros daitezke gaur egun guztian. Gerriko liburu-dendaren aurrean ipini dituzte mahaiak, liburukiz beteta. Azken berritasunak daude tartean, Ramon Saizarbitoriaren Martutene berri-berria, kasu. Bestetik, liburu-dendaren funts zaharrak merkaturatzeko eskaintza berezia abirazi du gaur Gerrikok. Liburu-dendaren bigarren solairuan zortzi kaxakada liburu jarri dituzte, bezeroen eskura. Euro baten truke eskura liteke liburuki bakoitza. Mota guztietako tituluak daude: didaktikazkoak, erlijiozkoak, bidaienak, atlasak, hiztegiak, gaztelaniazko eta euskarazko literatura, ikerlanak… Agortu artean iraungo du kanpaina horrek. Liburuaren nazioarteko egunarekin batera hasi da, bestetik, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina ere, euskarazko liburuak irakurtzeko eta merkaturatzeko ekimenez Topaguneak bultzatutakoa. Goierriko Euskal Eskola kultur elkarteak laugarren urtez Lazkaon jarri du aukera; irakurleek %25eko deskontua jasoko dute liburu berria —euskarazkoa behar du izan, eta literatura irakurgaien sailekoa— erosterakoan. GEEko bazkideek erdi prezioan eros dezakete, %50eko deskontua baitute horiek. Lehenbiziko aldiz Ataunera ere iritsi da Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina. Murkondo kultur elkartearen ekinez, ataundarrek baldintza berak izango dituzte: edozein herritarrek %25eko deskontua eta Murkondoko bazkideek %50ekoa. Lazkaoko Gerriko liburu-dendara joan behar dute ataundarrek ere. Irakurleek egin beharrekoa “erraza” da: lehendik irakurria duten euskarazko [...]
Mundu mailako Liburuaren Eguna Goierrira ere iritsi da. Lazkaora, zehatzago. Gerriko liburu-dendak bat egin du nazioarteko ospakizunarekin, eta kalera atera dituzte salmahaiak gaur goizean. Liburuak %10eko deskontuarekin eros daitezke gaur egun guztian. Gerriko liburu-dendaren aurrean ipini dituzte mahaiak, liburukiz beteta. Azken berritasunak daude tartean, Ramon Saizarbitoriaren Martutene berri-berria, kasu.
Bestetik, liburu-dendaren funts zaharrak merkaturatzeko eskaintza berezia abirazi du gaur Gerrikok. Liburu-dendaren bigarren solairuan zortzi kaxakada liburu jarri dituzte, bezeroen eskura. Euro baten truke eskura liteke liburuki bakoitza. Mota guztietako tituluak daude: didaktikazkoak, erlijiozkoak, bidaienak, atlasak, hiztegiak, gaztelaniazko eta euskarazko literatura, ikerlanak… Agortu artean iraungo du kanpaina horrek.
Liburuaren nazioarteko egunarekin batera hasi da, bestetik, Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina ere, euskarazko liburuak irakurtzeko eta merkaturatzeko ekimenez Topaguneak bultzatutakoa. Goierriko Euskal Eskola kultur elkarteak laugarren urtez Lazkaon jarri du aukera; irakurleek %25eko deskontua jasoko dute liburu berria —euskarazkoa behar du izan, eta literatura irakurgaien sailekoa— erosterakoan. GEEko bazkideek erdi prezioan eros dezakete, %50eko deskontua baitute horiek.
Lehenbiziko aldiz Ataunera ere iritsi da Irakurri, gozatu eta oparitu kanpaina. Murkondo kultur elkartearen ekinez, ataundarrek baldintza berak izango dituzte: edozein herritarrek %25eko deskontua eta Murkondoko bazkideek %50ekoa. Lazkaoko Gerriko liburu-dendara joan behar dute ataundarrek ere.
Irakurleek egin beharrekoa “erraza” da: lehendik irakurria duten euskarazko liburu bati buruz fitxa bat bete behar dute, herriko udal liburutegian. Galdera xumeak ditu fitxa horrek. Hori entregatzearekin batera, deskontu-txartela jasoko dute irakurleek, eta bale hori eraman behar dute Gerrikora. Norberak gastatzeko, nahiz hirugarren bati oparitzeko aproposa dela esan du GEEko Joxepa Madariagak; hortik dator, hain zuzen, “irakurri, gozatu eta oparitu” izendapena.
Literaturarekin bihar ere jarraituko dute Lazkaon. Idazle herrikide batekin solasaldia egingo dute Gerriko Txokoan (18:30ean), Liluratura literatur tailerrean. Eneko Aizpurua gonbidatuko dute, iaz argitaratu zuen Errauts eleberriaren inguruan jarduteko. Solasaldira joateko liburua aurrez irakurrita izatea gomendatu dute.