Europako field target tiratzaile onenak elkartuko dira parke botanikoan
2005ean hiru zumarragarrek field target kirolaren inguruko elkartea martxan jarri zutenetik, «Zumarraga kirol honetan erreferentziazko toki bihurtu da», Josean Sancho sortzaileetako baten arabera. Santa Isabel jaien harira, Iberiako Torneoa jokatuko dute Europako punta-puntako tiratzaileak Eitzagako parke botanikoan.
Field target kirolean ehiza imitatzen dute animalien siluetak dituzten ituak erabilita. Kirol hau duela 30 bat urte sortu zuten Erresuma Batuan, ehiza galarazita zegoen denboraldian entrenatzen jarraitzeko. Aire konprimituko karabinak erabiltzen dituzte, horiekin ituetan jo behar dute, eta siluetak duen 40 milimetroko zuloan asmatu. Sanchoren arabera, «naturarekin kontaktuan jartzen zaitu» kirol honek.
Iberiako Torneoan Frantzia, Italia, Portugal, Ingalaterra, Belgika eta Espainiako tiratzaileek parte hartuko dute, besteak beste. «Munduko tiratzaile onenak parte hartuko du», adierazi du Sanchok.
Txapelketa bi egunetan jokatuko dute. Ekainaren 30ean, larunbata, izango da lehenengo txanpa, parke botanikoan, 16:30etik aurrera. Uztailaren 1ean, igandea, ebatziko dute nork eramango duen garaikurra. Guztira, tiratzaileek 100 helbururi jaurti beharko diete. Egunean hiru ordu eta erdiko itzuliak egingo dituzte.
Tiratzaileak hasi dira jada . Zumarragara iristen. Ingurua ezagutzeko asmoa daukate Torneoari ekin baino lehen. Ekainaren 29an harrera egingo diete udaletxean, 19:30ean. Lehiaketa egunean, goizean parke botanikoan entrenatzen arituko dira, «eta ikustera doazenek, Europako tiratzaile onenekin hitz egiteko eta haien ekipamendua ikusteko aukera izango dute», gehitu du Sanchok.
Beste bi zaleekin batera field target elkartea jarri zuen martxan Sanchok. Zazpi urte igaro dira ordutik, eta elkartea, dagoeneko, Euskal Herriko field target elkarte bilakatu dute. Zaletu nahiz bazkide kopurua asko igo da urteotan. 2005. urtean bertan Field Target Nazioarteko Opena antolatu zuten, eta ordutik, edizio guztiak Zumarragako parke botanikoan egin dituzte. «Denboraren poderioz maila handiko txapelketa izatea lortu dugu, arrakasta handia izaten du».
Lana ez da nolanahikoa, Iberiako Torneorako, adibidez, «basoa garbitu dugu, 5.000 metroko eremuan sasiak kendu ditugu. Hilabeteak daramatzagu xehetasun bakoitza lantzen», azaldu du.














