Osasun beteko jubilatuen erretratua
Edertasunak ezerk baino gehiago balio duela idatzi zuen Oscar Wildek The picture of Dorian Gray nobelan. 1890ean kaleratu zuen lana, egungo gizarteak mugara eraman duenaren aurrerapen gisa. Betiko gaztetasunari lotuta, betirako gorde daitekeen edertasunaren ametsa. Eredu horretan zaharrek ez dute balio handirik. Pablo Santillan Zumarragako Gure Txoko jubilatu egoitzako lehendakaria da, eta bere iritziko, «erretiroa ez da gaixotasuna». Eta, Adrian Ortega El Salvador gizarte zentroko lehendakariak gehitu duenez, «gaztetasuna, berriz, gaixotasuna da, denborarekin sendatzen den eritasuna».
Datorren igandean Jubilatuen Eguna ospatuko dute Zumarragan, Santa Isabel jaietako amaiera gisa. Jubilatuak gogotsu jardutea da bi egoitzetan antolatzen dituzten ekintzen helburu nagusia. «Pena da gure adineko jende asko, aski kualifikatua, egoitzetara hurbildu ere ez dela egiten», dio Santillanek. «Zahar etxetzat hartzen gaituztelakoan nago».
Maria Antonia Hortigüela da Gure Txokoko kultura arduraduna. Berak dioenez, «jubilatu askok ez du bere adina onartzen», eta Juan Rodrigez El Salvadorreko idazkariaren arabera, adinekoak ez dute «aguretu nahi».
Zumarragako jubilatu egoitzetako jarduerek aurrekoaren ifrentzua erakusten dute. Bazkideei eskaintzen dioten jarduera sortatik haratago –euskara, yoga, dantzak, antzerkia, abesbatza, aldizkaria egiteko aukera…–, gizarteari zer eman badaukatela diote. «Gaztetasuna mitifikatzen duen gizartean bizi bagara ere, gizartean dagokigun tokia aldarrikatzen eta hartzen dugu», esan du Ortegak.
«Jubilatu etxean egiten dudan lanak bizia ematen dit», dio Pablo Santillanek. Gorputza eta burua lantzen dituzte, eta «barruko bizitza ere aberasten da. Probetxuzkoa sentitzen zara», jarraitu du Hortigüelak. Antzerkia betidanik gustukoa izan duen arren, orain arte ezin izan du zaletasun hori garatu. Orain, «inoiz ez bezala gozatzen» ari da.
Jarraipena da muga bakarra
Elkarbizitzari ere garrantzia ematen diote; izan ere, asko dira elkarrekin egiten dituzten ekintzak, eta hartu emanak aberasgarriak direla diote. «Norberak bere zaletasunak lantzen ditu, eta barruan daukana besteari eskaintzen dio», azaldu du Santillanek.
Elkarte guztietan dagoen arazoaz mintzo dira Zumarragako jubilatuak: boluntario falta. «Jardueretan jende askok parte hartzen du, baina gutxi dira ardurak hartzeko prest daudenak». Beraietako gehienek zortzi urte inguru daramatzate egoitzetako batzordeetan, eta «zuzendaritza aldiro berritzea» nahiko lukete. Hortigüelak emakumeak jubilatu etxeetako «benetako motorra» direla dio: «Antzerki taldean 50 emakume gaude eta bi gizon». Abesbatzan ere gizonezkoen ahots gutxi dituzte, eta «iraunkortasuna emakumeena da».
Zumarragako egoitzetan euskara gutxi hitz egiten dela diote. Esteban Otermin Gure Txokoko koordinatzailea da, eta berak dioenez, «euskara gutxi egiten den arren, lanerako prestuago agertu dira beti kanpotik etorritakoak. Hemen, halere, hesirik ez dago». Hurrengo belaunaldiek jubilatu etxean euskaraz egingo dutela iragarri dute.
Datorren igandean Zelai Arizti aretoko oholtzan ikasturtean zehar egoitzetan egindako hainbat jarduera erakutsiko dituzte, tartean, dantzak eta kantu emanaldiak. Jarraian, 200 jubilatutik gora elkartuko dira Euskadi plazako bazkarian. Hortigüelak eman du azken giltza: «Kolesterolari tranpa eginda, bazkaltzeko bilduko gara; izan ere, jubilatuak osasunaren erretratua gara».














