Lierniko erromeria egingo dute igandean ormaiztegiarrek
Urtero bezala, aurten ere Lierniara joango dira igande honetan ormaiztegiarrak. Egun osoko egunpasa egingo dute bertan. Jan-edanen hasiko dute goiza, 11:30etik aurrera egingo den salda eta txorizo egosiaren dastaketarekin. Jarraian, 12:00ak aldera, ha...
Urtero bezala, aurten ere Lierniara joango dira igande honetan ormaiztegiarrak. Egun osoko egunpasa egingo dute bertan.
Jan-edanen hasiko dute goiza, 11:30etik aurrera egingo den salda eta txorizo egosiaren dastaketarekin. Jarraian, 12:00ak aldera, haurrentzako jolasak egingo dituzte Lierniko plazan.
Meza nagusia 13:00etan hasiko da Lierniko Amaren ermitan. Hau amaitzen denean, Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzak kontzertua eskainiko du, eta 14:30ean hasiko dira bazkaltzen. Aurten sukalkia prestatuko dute, eta haragi gisatua bizkaitar erara prestatzeko beharko diren parrilak plaza inguruan jarriko dituzte.
Behin tripa ondo bete eta patxadan kontu-kontari egon ondoren, dantza pixka bat ere egingo dute hala nahi dutenek, 16:00etan hasiko baita Modestorekin erromeria. 18:00etan Lierniko XVI. toka txapelketa egingo dute Ormaiztegiko herritarrentzat. Irabazleak Mujika jatetxeak oparitutako bi lagunentzako bazkari edo afari bat egiteko txartela jasoko du sari moduan. Txapelketa honetan parte hartzeko izena egunean bertan eman ahal izango da, 17:45etatik 18:00etara, txapelketa egingo den gunean.












