Igartzako aterpetxea, urtebetez erromesen atsedentoki
Santiago bideko erromesentzat Igartzan zabaldu zuten aterpetxeak urtea bete du dagoeneko. Hilabeteotan, dozenaka erromes eta ibiltariren babesleku izan da, baina baita Gipuzkoa barrualdeko bidea indartzeko pieza garrantzitsuetako bat ere. Aterpe hori mantentzeko, ordea, ezinbestekoa da hainbat lagunek beraien borondatez egiten duten lana, bidean atsedena hartu nahi duten ibiltariei behar duten laguntza guztia emateko. Antonio Jarit Beasainen bizi den urretxuarra da horietako bat. Urteak daramatza Santiago Bidearen inguruan lanean, eta bera arduratzen da Igartzako aterpearen koordinazio lanaz. Aurten, gainera, Santiago Bidearen Lagunen Elkarteak sari bat eman dio, «bidearen alde eta erromesen ibilbidea errazteko egiten duen lana» eskertzeko. Beasaingo aterpetxea martxan jarri zenetik, «barruko bidetik pasatzen den erromes kopurua igo» egin dela dio Antonio Jaritek, eta lehen urtearen «balantze positiboa» egin du. Izan ere, gero eta jende gehiagok ezagutzen du Beasaingo aterpetxea; «Interneten ere bagaude, eta jende askok horren bidez izaten du toki honen berri; ahoz ahokoak ere asko funtzionatzen du». Aurten, urtarriletik hona, 87 ibiltari pasa dira Beasaingo aterpetxetik, baina kopuru hori, urtea bukatzerako bikoiztu egin liteke. Jaritek azaldu duenez, Beasainen gelditzen diren ibiltarien artean, «portzentaia handi bat atzerritarrak dira; Euskal Herriko eta Estatuko jendeaz gain, Hego Afrika, Belgika, Islandia, Brasil, Korea, Suitza, Alemania, Hungaria… oso jatorri ezberdinetako jendea izan dugu». Oraindik Gipuzkoa barrualdeko ibilbideak, «beste bideek [...]
Santiago bideko erromesentzat Igartzan zabaldu zuten aterpetxeak urtea bete du dagoeneko. Hilabeteotan, dozenaka erromes eta ibiltariren babesleku izan da, baina baita Gipuzkoa barrualdeko bidea indartzeko pieza garrantzitsuetako bat ere. Aterpe hori mantentzeko, ordea, ezinbestekoa da hainbat lagunek beraien borondatez egiten duten lana, bidean atsedena hartu nahi duten ibiltariei behar duten laguntza guztia emateko.
Antonio Jarit Beasainen bizi den urretxuarra da horietako bat. Urteak daramatza Santiago Bidearen inguruan lanean, eta bera arduratzen da Igartzako aterpearen koordinazio lanaz. Aurten, gainera, Santiago Bidearen Lagunen Elkarteak sari bat eman dio, «bidearen alde eta erromesen ibilbidea errazteko egiten duen lana» eskertzeko.
Beasaingo aterpetxea martxan jarri zenetik, «barruko bidetik pasatzen den erromes kopurua igo» egin dela dio Antonio Jaritek, eta lehen urtearen «balantze positiboa» egin du. Izan ere, gero eta jende gehiagok ezagutzen du Beasaingo aterpetxea; «Interneten ere bagaude, eta jende askok horren bidez izaten du toki honen berri; ahoz ahokoak ere asko funtzionatzen du». Aurten, urtarriletik hona, 87 ibiltari pasa dira Beasaingo aterpetxetik, baina kopuru hori, urtea bukatzerako bikoiztu egin liteke.
Jaritek azaldu duenez, Beasainen gelditzen diren ibiltarien artean, «portzentaia handi bat atzerritarrak dira; Euskal Herriko eta Estatuko jendeaz gain, Hego Afrika, Belgika, Islandia, Brasil, Korea, Suitza, Alemania, Hungaria… oso jatorri ezberdinetako jendea izan dugu». Oraindik Gipuzkoa barrualdeko ibilbideak, «beste bideek baino ibiltari gutxiago ditu, baina gero eta gehiago dira bide hau aukeratzen dutenak». Erromes kopururik handiena izaten dutenak, Erronkaritik datorren frantziar bidea eta kostaldekoa dira. Baina bi bide horiek, urte garai honetan «erabat saturatuta» egoten dira. Horregatik, asko barrualdeko bidea egiten hasi direla azaldu du Jaritek, «batetik, gehiegizko jendetzak ekiditeko; eta bestetik, bide berri bat ezagutzeko».
Boluntarioen lana
Erromesentzako aterpetxe bat mantendu eta behar bezalako zerbitzua emateko, ezinbestekoa da ostatu emaileen lana. Gipuzkoako aterpetxeetan, elkarteko kideak egoten dira, txandaka, borondatez lan egiten. Beasaingoan Maria Jesus Buenetxea eta Itziar de Aranzibia ari dira lan horretan. Beraiek azaldu dutenez, «hamar egunez egoten gara, elkarteko beste kide batek txanda egin bitartean». Hor dauden bitartean, erromesei harrera egin, gelak eta gainontzeko instalazioak erakutsi, bidaiarien agiria sinatu eta bidearen inguruko informazioa ematen diete.
Boluntario gehienak, lehendik bidea egindakoak izaten dira. Hori, gainera, «komenigarria» dela uste dute, «horrela hobeto baitakigu nola egin jendeari harrera, zer behar duten. Askotan begiratuta bakarrik badakigu jendea zein aldartetan edo zenbateko nekearekin datorren. Hori bai, behin dutxa bat hartutakoan, beste aurpegi bat izaten dute denek».
Gipuzkoako aterpetxeetan, ibiltariei borondatea besterik ez dute eskatzen. Buenetxeak dionez, «Toki askotan kobratzen hasi dira azken urteetan, baina gu ez gara toki horietara joaten». Izan ere, «elkarteak dituen elkarteetan behintzat, helburua ez da negozioa egitea», Jariten arabera. «Aterpetxe hauek gastu batzuk dituzte, eta horiek elkarteak ordaintzen ditu. Guk hori besterik ez dugu nahi, gastuak ordaintzea. Urteren batean diru gehiago atera izan dugu, baina gero Gobernuz Kanpoko Erakunderen bati eman izan diogu».
Aterpetxearekin «harrituta»
Beasaingo aterpetxera etortzen diren erromesak «harrituta» gelditzen direla azaldu dute Aranzibiak, «bai inguruarekin eta baita barrualdearekin ere». Izan ere, bidean «mota guztietako aterpeak» bilatzen direla azaldu du Jaritek. «Zenbaitetan, ikuiluetan lo egitea ere tokatu zaigu». Horregatik, horrelako toki bat, berri-berria eta erosotasun guztiak dituena ikusita, jendeak gustura hartzen duen tokia da. Buenetxearen hitzetan, «erromesak behar duen guztia dauka, eta tokia oso polita da gainera; pasatu gabe, gehiegizko luxuak ere ez zaizkigulako gustatzen, baina honek badu goxotasun bat, egurrak ematen dion zahar itxura hori eta inguruak ematen dion ukitu berezi hori».
San Adrianera igoera eta Santio eguneko
ospakizunak egingo dituzte Zegaman
Gipuzkoako Santiago Bideen Lagunak elkarteak, urtero antolatzen du ospakizunen bat Santio egunaren bueltan. Aurten ere, Gipuzkoako bideak garbidetzeko elkartuko dira hainbat talde, datorren astean zehar. Horiez gain, San Adriango urteroko topaketa eta Santio eguna ospatzeko ekitaldiak izango dituzte; aurten, horiek ere Zegaman izango dira.
Igande honetan, Hego Euskal Herriko eta Errioxako bost elkartek bat egingo dute San Adrianen. Urteroko bilkura izaten da, eta erromeria giroan elkartzen dira, hamaiketakoa eginez. Gero, denak Zalduondora jaitsi eta otordua egiten dute. Santio eguneko ospakizunak berriz, hilaren 28an egingo dituzte, 25a ez baita jai eguna. Meza eta otordua egingo dituzte Zegaman, eta Bidearen lagunen Gipuzkoako elkarteak bere 25. urteurrena dela eta prestatu duen erakusketa ikusteko aukera ere izango da.