Nekazaritza eta baserri mundua goratuko dituzte Lazkaon zapatuan
Lazkaoko plaza eta inguruak nekazaritzari eskainitako azoka-gune handi bihurtuko dira, etzi. Lazkaoko Udalak, Ingurumeneko eta Lehen Sektoreko Batzordearen bitartez, Baserri Eguna (Basherri izendapena eman diote eurek) antolatu dute, aurreneko aldiz.
Azoka berezia, abereen eta jatekoen erakusketak, eta lanbide zaharren berri emateko txokoa izango dira, larunbatean 09:00etatik 14:00etara.
Horrez gain, Ormaiztegiko Kuko jatetxeko Iker Markinez sukaldari beasaindarra zuzenean ariko da jakiak sukaldatzen. Barazkiak eta brotxetak prestatuko ditu, plazako pilotalekuan. Ondoren, euro baten truke, mokadutxoa jateko modua emango dute.
Plaza ingurua lau eremutan bereiziko dute. Frontoia, hain zuzen, jan-edanarentzat gordeko dute. Enparantzaren erdian, abere eta ganadu erakusketa egongo da, esparrutan banatuta: ganadu larria, txekorrak, ardiak, txerriak, ahuntzak, poniak edo oiloak, animalia guztiak Lazkaoko baserritarrenak izango dira.
Baserriez gehiago jakiteko
Udaletxeko arkupean nekazaritzarako tresna zaharrak erakutsiko dituzte: uztarri, sehaska, hauspo, kutxa eta bestelako gailuak. Lanbide zaharren informazioa ipiniko dute. Kultur etxearen aldean, baserrien argazki bilduma egongo da, bakoitzaren datuekin eta zer jarduera edo ekoizpen daukaten nabarmenduta.
Azkenik, plaza alboko estalpean, lazkaotar baserritarrek salpostuak jarriko dituzte, azoka berezian. Postu bakoitzean etxearen informazioa kokatuko dute.
Merkatariek eta dendariek ere beren salgaiak kalera ateratzeko aukera izango dute, salmahaiak kanpoan ipinita.
Baserri eguneko azoka Lazkao Txiki musika eskolako trikitilariek girotuko dute. Bestetik, helduek nahiz haurrek, irabiakiak nola prestatzen diren ikasteko aukera edukiko dute, eskulan tailer batean.
Nekazarien lana aitortu
Ingurumeneko eta Lehen Sektoreko Batzordeak sei ardatzen gainean atondu du Baserri Egunaren filosofia. Batetik, baserritarrei «lan etengabea eta garrantzitsua» txalotu eta aitortu nahi zaie, estreinako aldiz Lazkaoko kalean nekazaritza munduko azoka eginda. Hein berean, herritar guztiei eta bertaratzen direnei Lazkaoko baserrietan «zer nolako aniztasuna eta aberastasuna» dagoen azaltzeko baliatuko dute.
Jendeak jakiak probatzeko eta erosteko aukera izango du, «garaian garaiko produktuak» bultzatzea eta zeintzuk diren jakinaraztea ere badelako, irakaspen aldetik, egitekoetako bat.
Etnografia eta geografia aldea ere landu nahi dute. Baserrien izenak, ekoizpena, kokalekua ezagutaraziz, postu bakoitzean eta argazki erakusketan jarriko dituzten ohar-taulen bidez. Baita zein lanbide zahar zeuden gogorarazi eta jakinaraztea ere.
Baserri Eguna San Migel festaren barruan ospatuko da. Hala, jaiei arnas berria ematea eta kultura sendotzea ere lortu nahi da.













