Juan Karlos Diez Soto: «Sagardotegietan hasi nintzen intxaur-hausten ipurdiarekin»
Juan Carlos Diez Sotok (Ormaiztegi, 1968) Munduko Guinness errekor berria hautsi du, aurten hirugarrenez, ipurdiarekin intxaurrak txikituaz. Azken lehiaketan Frantsez baten aurka lehiatu behar izan du Erroman (Italia) eta bederatzi intxaurreko aldea atera dio Sotok. Zer egiten duzu eguneroko bizitzan? Bodegas Elosegiko almazenean lan egiten dut, bi seme-alaben aita naiz, eta kirola gustoko dut. Bizitza normala daramat egunerokoan. Eta noiz hasi zinen intxaurrak ipurdiaren hausten? Hemezortzi bat urte edo izango nituen, Ikaztegietako sagardotegian hasi ginen txantxetan. Eta nahiko ondo egiten nuela ikusita, sagardotegietara joaten ginen guztietan hasi nintzen intxaurrak hausten ipurdiarekin. Giro polita sortzen genuen eta gustura aritzen ginen, barre batzuk eginez. Eta nola eman zenuen sagardotegietatik Guinness errekorretara iristeko pausoa? 2009 urte inguruan zela uste dut. Ordu hartan Tele 5 telebista katean Guinness errekorren programa bat zegoen, eta nire lagun batek animatuta intxaur hausten grabatu ninduen, eta bidali egin genuen. Eta halaxe, Madrilen proba polita zela iruditu zitzaien, eta programara gonbidatu ninduten. Nola hausten dituzu intxaurrak zehazki? Galtza bakeroak jantzi eta ipurdiko eskuin hezurrarekin hausten ditut. Intxaurrak Guinness taldekoek jartzen dituzte, denak berdinak eta bata bestearen artean 20 zentimetroko tartearekin. Lehen bi errekorrak eskuekin lurrik ukitu gabe egin nituen, eta azken hau eskuak lurrean jarriaz. Askoz errazagoa da horrela. [...]
Juan Carlos Diez Sotok (Ormaiztegi, 1968) Munduko Guinness errekor berria hautsi du, aurten hirugarrenez, ipurdiarekin intxaurrak txikituaz. Azken lehiaketan Frantsez baten aurka lehiatu behar izan du Erroman (Italia) eta bederatzi intxaurreko aldea atera dio Sotok.
Zer egiten duzu eguneroko bizitzan?
Bodegas Elosegiko almazenean lan egiten dut, bi seme-alaben aita naiz, eta kirola gustoko dut. Bizitza normala daramat egunerokoan.
Eta noiz hasi zinen intxaurrak ipurdiaren hausten?
Hemezortzi bat urte edo izango nituen, Ikaztegietako sagardotegian hasi ginen txantxetan. Eta nahiko ondo egiten nuela ikusita, sagardotegietara joaten ginen guztietan hasi nintzen intxaurrak hausten ipurdiarekin. Giro polita sortzen genuen eta gustura aritzen ginen, barre batzuk eginez.
Eta nola eman zenuen sagardotegietatik Guinness errekorretara iristeko pausoa?
2009 urte inguruan zela uste dut. Ordu hartan Tele 5 telebista katean Guinness errekorren programa bat zegoen, eta nire lagun batek animatuta intxaur hausten grabatu ninduen, eta bidali egin genuen. Eta halaxe, Madrilen proba polita zela iruditu zitzaien, eta programara gonbidatu ninduten.
Nola hausten dituzu intxaurrak zehazki?
Galtza bakeroak jantzi eta ipurdiko eskuin hezurrarekin hausten ditut. Intxaurrak Guinness taldekoek jartzen dituzte, denak berdinak eta bata bestearen artean 20 zentimetroko tartearekin. Lehen bi errekorrak eskuekin lurrik ukitu gabe egin nituen, eta azken hau eskuak lurrean jarriaz. Askoz errazagoa da horrela.
Zenbat intxaur hautsi dituzu Guinnessetako aldi bakoitzean?
Lehen aldian, Madrilen 33 intxaur hautsi nituen 2009ko urtarrilean. Bigarren aldia urte bereko apirilean egin nuen Milanen 38 intxaur hautsiaz. Eta azken errekor honetan 76 hautsi ditut, baina oraingoan eskuak lurrean jarrita.
Azkenengo honetan, gainera, ezustekoa eman diozu frantsesari eskuak lurrean jartzean, ezta?
Bai! [barrez]. Azken aldi honetara arte, beti eskurik lurrean jarri gabe hausten nituen, baina errekorra euren esku geratzerik nahi ez nuenez, Ormaiztegin eskuak lurrean jarrita entrenatzen hasi nintzen. Guinness errekorreko platora sartzerako, frantsesak eta biok beroketa gisara erakustalditxoa egin genuen, eta beroketetan ni eskurik gabe aritu nintzen. Horrela, bera konfiatu egin zen. Baina, benetako proba iritsi zenean, berak bezala, nik ere eskuak lurrean jarrita hautsi nituen intxaurrak eta berak baino bederatzi gehiago: sorpresa galanta hartu zuen! [barrez].
Gustura gelditu zinen egindako lanarekin?
Bai. Kontua da nik Ormaiztegin intxaurrak lerro zuzenean jarrita entrentatzen nuela, eta entrenamenduetan 80 intxaurretik gora hausten nituela; baina Guinnesseko platoa hain handia ez zenez, intxaurren lerroak kurba bat zuen, eta horretara ohitu gabe nengoenez, hor denbora galdu nuen.
Frantsesak zuk bezala hausten al ditu intxaurrak?
Ez. Berak ipurtezurrarekin hausten ditu, eta oso-oso gaizki amaitu zuen: anbulantzian eraman behar izan zuten proba amaitu zenean. Nik, aldiz, ez nuen halako minik.
Eta nola entrenatzen duzu?
Seme-alabekin kirol pixka bat egiten dut, pisuak altxatzen ditut tarteka… ezer apartekorik ez.
Entrenatzerakoan erabiltzen dituzun intxaurrak eta Guinness errekorrean jarri zizuetenak berdintsuak dira? Zein ezaugarri dute?
Ez dakit mota berdinekoak ote ziren, baina bai, hor ere motak eta motak daude. Esaterako, Californiako intxaurrak oso handiak izaten dira, eta beraz, oso erraz hausten dira. Baina Guinnessekoak ez ziren mota horretakoak. Hori bai, intxaur guztiak, bai frantsesarenak eta baita nireak ere, oso tamaina berdinekoak ziren. Eta intxaurretik intxaurrera 20 zentimetroko tartea zegoen, zehatz.
Horrelako probetan dena ongi neurtuta eta kontrolatuta egoten dela esan daiteke, beraz?
Bai, proba hasi aurretik goitik behera miatu gintuzten, galtzen azpitik inolako burni edo tranparik ba ote generaman ikusteko.
Esperientzia polita izango da Guinness errekorretara joatea.
Bai horixe… Pentsa, munduko jenderik arraroenarekin aurkitzen zara han, txundigarria da: munduko emakumerik eta gizonik txikienak, munduko tatuaje gehien dituen pertsona…
Bakarrik joan zinen?
Ez. Emaztea eta seme-alabak ere nirekin etorri ziren. Beraiek ere oso gustura ibili ziren horrenbeste pertsona bitxiren artean.
Guinness taldekoek dirurik ematen dute errekorrengatik?
Guinness taldekoek zehazki ez. Hori produktoraren araberakoa izaten da. Gure kasuan, Older produktorakoek bertako egonaldi guztia ordaindu zigun eta horrez gain diru saritxo bat ere eman zigun. Oso ondo zaindu gintuzten: hotela bera ere oso ona… dena ondo.
Aurrez ere, eskualdean edo inguruetan egiten al zenuen erakustaldirik?
Zerbait-zerbait egiten nuen, bai, asko ez bazen ere. Zumarragan, esaterako, herri kirolariekin batera-eta joan izan naiz erakustalditxoren bat egitera, Errioxan ere izana naiz, bertan egiten duten Intxaurraren Festan; Madrilera ere joan nintzen behin Ana Rosa Quintanaren telebista saiora, Florentino Fernandezen El Show de Flo saioan ere izan nintzen…
Eta beste ate batzuk irekitzen lagundu dizu?
Bai, ate asko irekitzeko bidea ere izan da nire denborapasa berezi hau. Alla Tú telebista saiora joateko izena eman nuen, eta castingean intxaurrak ipurdiarekin hausten nituela ikusita edo, hartu egin ninduten. Behin saiora iritsi nintzenean, Jesús Vázquez aurkezleak nire zaletasunaren berri ematerakoan, ipurdia ikutzen aritu zitzaidan, erdi broman, zein gogorra zegoen ikusteko [barrez]. Saio hartan 36.000 euro irabazi nituen behintzat! [barrez].
Aurrerantzean ere intxaur hausten jarraitzeko asmoa duzu?
Ahal dela behintzat bai! Ni gustura aritzen naiz eta jendeari ere gustatzen zaio. Ia aukera berriak sortzen diren.
Aurrera begirako asmorik bai?
2013ko Guinness liburuan agertzeko aukera dudala esan zidaten, eta frantsesa bezala, nire errekorra hautsi nahi izan zuen japoniarrarekin ere lehiatuko naiz agian Txinako Fuji telebistan. Hau ez zen Erroman izan, eta badut gogoa bere aurka lehiatzeko.












