Elikaduraren burujabetza eskatu du EH Bilduk Ordizian
Lehen sektorearen burujabetza aldarrikatzeko Ordiziako azokan izan dira EH Bilduko ordezkariak, eta haiekin batera Iñaki Lazarobaster EHNE sindikatuko kidea izan da. Elikaduraren burujabetza eskatu du Lazarobasterrek, «gaur egun elikaduraren inguruan hartzen diren erabaki garrantzitsu guztiak baserritarrengandik eta herritarrengandik urruti hartzen» direlako. Erabaki gune horietan elikadura «merkantzia soil bezala» hartzen dela salatu du, eta horrekin amaitzeko proposatzen du burujabetza EH Bilduk.
«Munduko beste edozein herrialdek bezala, Euskal Herriak ere bere nekazaritza eta elikadura politikak defendatzeko daukan eskubidea» defendatu du Lazarobasterrek, eta gertutasunari lehentasuna eman behar zaiola aldarrikatu du, «ekoizpena eta merkatua indarberritzeko tresnak martxan jarriz».
Lazarobasterrek azaldu duenez, «elikaduraren burujabetza 90. hamarkadan hasi eta gaur egun munduko ezkerreko mugimendu askoren aldarrikapena bihurtu da, eta urtez urte gero eta ozenago entzuten da». Horregatik, krisitik ateratzeko bidean, lehen sektorearen aldeko urratsak ematea garrantzitsua da koalizioarentzat, «lehen sektorea sektore estrategiko bat dela ikusten dugulako, eta lanpostu sortzailea delako».
Bizibaldintza duinak
Lehen sektorean burujabetza bultzatuta baserrietan «beste gizarte eredu bat» eraikitzeko aukera dagoela defendatu du Lazarobasterrek, «ekoizleen eta kontsumitzaileen artean zubiak eraikiz eta bertako ekonomia bultzatuz».
Lehen sektorearen garapena bermatzeko eta suspertzeko langileen bizibaldintzak duinak izan behar direla gehitu du Lazarobasterrek, baina horretarako baldintzak sortu behar direla dio. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk argi du «nekazaritzaren aldeko apustua» egin behar dela, eta hor «berebiziko garrantzia» duela «formazioak eta ikerketak».
Hauteskunde kanpainarekin jarraituz, bihar, 12:00etan bizikleta martxa egingo du EH Bilduk Lazkaon. Herrian zehar egingo dute itzulia, eta euria egiten badu autoekin egingo dute.














