Txikiak, tokia egin nahian
Tamainak askorik ez duela inporta diotenak, ez dira politikaz ari. Hauteskunde hauetan lau alderdi edo bloke nagusiek hartu dute komunikabideen atentzio osoa, eta inkesta guztien arabera, lau horiek izango dira pastelaren zatirik handiena eramango dutenak.
Lau kolore horiez gain, ordea, badira hauteskunde hauetan bestelako programa eta ideologiak dituzten alderdiak ere, askotan ezkutuan gelditzen direnak. Gipuzkoan guztira hamahiru zerrenda aurkeztu dituzte hauteskunde hauetarako. EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdiez gain, Ezker Anitza, Ezker Batua-Berdeak eta UPyD ere ordezkariren bat lortzeko lehian arituko dira. Beste zortzi alderdiek, ordea, aukera gutxi dute legebiltzarrean tokiren bat egiteko.
Equotik PUM+J-ra
Zortzi alderdi horietan ezagunena, agian, Equo alderdia izango da. Alderdi berria izanik ere, Juantxo Uralde, Greenpeace-eko ordezkari izan zena dute buru, eta haren irudiak lagundu die ezagunago izaten. Ekologismoa eta ezkerreko politikak defendatzen dituzte. Inkestek, ordea, ez diote ordezkaririk ematen.
PACMA edo Animaliekiko Tratu Txarren Kontrako Alderdia da alderdi horietako beste bat. Izenak dioen moduan, animalien eskubideen defentsa egiten dute, eta besteak beste, zezenketak debekatzearen aldekoak dira.
Escaños en Blanco-Aulki Zuriak alderdiak, berriz, eserlekuren bat lortzen badu hutsik utziko duela dio, herritarrei politikari bat mantentzea zenbat kostatzen zaien salatzeko, eta bide batez, haren soldata aurrezteko.
Bidezko mundurantz (PUM+J) Justo alderdiak, berriz, munduko biztanle guztien oinarrizko eskubideak bermatzea eta pobreziarekin bukatzea du helburu, justizia unibertsalean oinarrituta.
Gizakiaren askatasuna eta indarkeriarik eza aldarrikatzen duen Partido Humanistak eta Unificacion Comunista de Españak osatzen dute zerrenda.














