Bozketen atarian, asmoen bilduma
Goierriko Hitzak etziko Eusko Legebiltzarrerako hautagai goierritarrak elkarrizketatu ditu, bakoitzak ordezkatzen duen alderdiaren lehentasunak eta asmoak azal ditzan. Ezker Anitza, EAJ, PSE-EE, PP eta EH Bilduko zerrendakideek egoera ekonomikoa eta independentzia izan dituzte hizpide, batez ere. Bakoitzak bere diskurtsoa jarraitu du, eta mahai gainean ipini ditu bere alderdia lehendakaritzara iritsiz gero jarraituko lituzkeen ildoak. Kanpaina gaur amaituko da, hitzak etengo dira eta hautesleen txanda iritsiko da. Bihar gogoeta eguna da eta etzi bozketa eguna. Jarraian, hautagai bakoitzak Goierriko Hitzan egindako elkarrizketaren laburpena.
Mikel Arana • Ezker Anitza
Eusko Legebiltzarrean ezkerreko alderdi bat ordezkatuta egotea «ezinbestekoa» da Mikel Arana lehendakari gai ordiziarraren arabera. Eskuineko alderdiei aurre egiteko ezkerreko alderdien arteko elkarlana bultzatzearen alde agertu da. Bakearen eta normalizazioaren legealdia izango da datorrena Ezker Anitzeko hautagaiaren ustez. Autodeterminazioaren inguruan sakontzearen aldekoa da, baina «hori ez da momentu honetan euskal hiritarren lehentasuna». Egoera ekonomikoari aurre egiteko politika fiskala aldatzea eta iruzur fiskala desagertaraztea proposatu du, baita merkatuei eta troikari men egin ordez, zor publikoa birnegoziatzeko eskaria egitea. Hondakinen kudeaketaren harira, errauste plantaren kontra dago, eta eskatu du «hiritarrek erabakitzea zein bilketa mota nahi duen». Hizkuntza politikari dagokionez, euskararen erabilera sustatzeko «helduen euskalduntzea indartzea» giltza dela uste du Mikel Arana Ezker Anitzako lehendakari gaiak.
Garbiñe Mendizabal • EAJ
Etziko hauteskundeen ondoren, Eusko Legebiltzarra «konstituzionalista baino abertzaleagoa» izango dela iragarri du Garbiñe Mendizabal EAJko zerrendakide zaldibiarrak. Dioenez, hurrengo legealdian bakea eta normalizazio politikoa sendotu eta akordioak adostu beharko dira. Mendizabalen iritziko, independentziak berez ez du egoera ekonomikoaren konponbidea ekarriko, eta estatutu politiko berriaren ildotik, giltza eguneroko lana delakoan dago. Egoera ekonomikoari aurre egiteko errezetak eman ditu Mendizabalek: gazte enplegua sustatzeko plan integrala, 250 milioi euroko funtsa autonomoentzat zein enpresa txikientzat eta produktuak nazioarteratzeko laguntzak, besteak beste. Irabaziz gero, aurrekontuak %10 gutxituko dituela esan du Iñigo Urkulluk lehendakari gai jeltzaleak eta Mendizabalek, murrizketa horiek «premiazkoa ez den horretan» egingo dituztela zehaztu du. Euskararen erabilpena sustatzeko herri administrazioen babesa behar dela dio.
Fernando Fariñas • PSE-EE
Bakearen eta normalizazioaren esparruan Patxi Lopez lehendakari sozialistaren ekarpena azpimarratu du Fernando Fariñas kandidatu sozialista zumarragarrak. Ezker abertzalea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztea «normalizazio demokratikoaren seinale» dela gehitu du. Alderdi sozialistaren lehentasuna egoera ekonomikoaren testuinguruan, «inor bazterrean ez geratzea» dela dio, eta euskal sozialistak murrizketaren kontra eta doikuntzen aldeko direla adierazi du. Zerga gehiago bildu behar bada ere, «soldatapekoen poltsikotik baino, ondasun handietatik» bildu behar dela dio. Independentziaren aukera ez dago bere alderdiaren zeruertzean, «autonomistak eta federalistak» direla dio, eta independentzia ezin dela «panazea balitz bezala aurkeztu». Hondakinak kudeatzeko errauste sistemaren alde egin du, eta abiadura handiko trena proiektu estrategikotzat dauka. Hizkuntza politikari dagokionez, hiru hizkuntzen eredua defendatu du.
Julio Herreros • PP
Independentismo eta autodeterminazio ideiak «dezente zaharkituta» daudela uste du Julio Herreros PPko zerrendakide beasaindarrak. Demokraziaren alde egiten dutelako bere alderdiari bozka ematea «garrantzitsua» dela uste du hautagaiak. Hauteskundeetarako popularrek zu gabe haiek irabazten dute leloa erabili dute. Haiek «beren ideologia inposatu nahi duten horiek» direla azaldu du. Egoera ekonomikoaren aurrean «beharrezko neurriak» hartu behar direla dio. Giltza, «lanpostuak berreskuratzeko baldintza egokiak sortzea» dela uste du. Independentismoa egoeraz aprobetxatzen ari delakoan dago, «aldarrikapen soberanistak indar gehiagorekin oihukatzeko». Bere alderdiak, «egonkortasuna eta lasaitasuna» ekarriko dituela gehitu du.
Juanjo Agirrezabala • EH Bildu
Juanjo Agirrezabala hautagai legazpiarrak esan du EH Bilduren konpromisoa «argia» dela «bakearen, normalizazioaren eta eskubide zibilen eta politikoen alde». Ordezkatzen duen koalizioak «aldaketa» eskaintzen du Agirrezabalaren arabera, «gauzak aldatzeko beharrezkoa izango da ezkerreko ikuspegiak eta subiranotasun osoaren aldeko aldarriak Legebiltzarrean indarra izatea». Normalizazio politikoa da, krisi ekonomikoari aurre egitearekin batera, bere alderdiaren lehentasuna. Justizia soziala atzemateko bidean zerga politikaren aldaketa ezinbestekotzat jotzen du. Krisiaren konponbiderako enplegua eta ongizate estatua lehenetsi behar direlakoan dago. «Hobeto bizitzeko burujabeak izan behar gara», dio Agirrezabalak. Argi ikusten du, «gizarteak bere etorkizuna burujabetzaren eta independentziaren bidetik eraikiko duela». AHTari dagokionez, garraio eredu honen inguruko gogoeta egiteko luzamendua eskatu du. Hondakinen kudeaketaren harira, atez atekoaren alde egin du. Euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzea bermatuko duen hizkuntza politika defendatu du.














