Ardiki eguna ospatuko dute igandean Zaldibian, mondeju lehiaketa tartean
Urriko azkeneko igandean ohitura bihurtu den legez, jai honetan ospatuko dute Zaldibian Ardiki eguna. Egun osoko egitaraua prestastu du Zaldibiako mondejuaren kofradiak, Ardiki elkarteak. Ospakizuneko osagai garrantzitsuenetako bat mondeju zuria izango da, 18. lehiaketarekin. Igande goizean 10:30ean hasiko da festa, plazan. Lehenbizi goiz eresia joko dute Juan Mari Beltran eta Astiazaran aita-alaba musikariek, Hernaniko musika eskolako albokari, dultzainero eta txistulariek. Artisautza postuak eta ganadu erakusketa ere orduan zabalduko dituzte. Artzaintzaren ogibidearekin zerikusia duten jarduerak egingo dituzte: gazta egiten, mondejuak prestatzen, artilea lantzen edo saski egiten ariko dira zaldibiarrak. Ganadutan, latxa ardiak, ahuntz azpigorriak eta herriko Zape elkarteak eramandako pottokak erakutsiko dituzte. Feria ere izango da, jakiak eta tresnak erosteko aukerarekin. Zaldibiako 18. Mondeju Lehiaketako eta Aralarko Gaztaren 15. Lehiaketako dastaketak eguerdian hasiko dira. Sariak 13:30ean banatuko dituzte. Iñaki Apalategi eta Iñigo Mantzisidor Mantxi bertsolariek saioa egingo dute. Bosna kana mondeju Bazkari berezia eta bateratua eskainiko dute egun horretan Zaldibiako jatetxeetan, baita Antzokian ere. Txartelak tabernetan dituzte salgai, eta antzokiko otordurako plazan salduko dituzte, 25 euroan. Menuan mondejua, ardikia saltsan, ardikia erreta piperrekin, gazta, ardoa eta kafe konpletoa sartzen dira. 19:30ean, lagunarteko kalejira egingo dute. Mondeju lehiaketan «egiten dakien edonork» parte hartu ahalko du. Izena biharko eman behar da (649 316 [...]
Igande goizean 10:30ean hasiko da festa, plazan. Lehenbizi goiz eresia joko dute Juan Mari Beltran eta Astiazaran aita-alaba musikariek, Hernaniko musika eskolako albokari, dultzainero eta txistulariek. Artisautza postuak eta ganadu erakusketa ere orduan zabalduko dituzte.
Artzaintzaren ogibidearekin zerikusia duten jarduerak egingo dituzte: gazta egiten, mondejuak prestatzen, artilea lantzen edo saski egiten ariko dira zaldibiarrak. Ganadutan, latxa ardiak, ahuntz azpigorriak eta herriko Zape elkarteak eramandako pottokak erakutsiko dituzte.
Feria ere izango da, jakiak eta tresnak erosteko aukerarekin.
Zaldibiako 18. Mondeju Lehiaketako eta Aralarko Gaztaren 15. Lehiaketako dastaketak eguerdian hasiko dira. Sariak 13:30ean banatuko dituzte. Iñaki Apalategi eta Iñigo Mantzisidor Mantxi bertsolariek saioa egingo dute.
Bosna kana mondeju
Bazkari berezia eta bateratua eskainiko dute egun horretan Zaldibiako jatetxeetan, baita Antzokian ere. Txartelak tabernetan dituzte salgai, eta antzokiko otordurako plazan salduko dituzte, 25 euroan. Menuan mondejua, ardikia saltsan, ardikia erreta piperrekin, gazta, ardoa eta kafe konpletoa sartzen dira. 19:30ean, lagunarteko kalejira egingo dute.
Mondeju lehiaketan «egiten dakien edonork» parte hartu ahalko du. Izena biharko eman behar da (649 316 534), 19:30a baino lehen. Bakoitzak bost kana mondeju aurkeztu behar ditu, salda eta guzti, igande goizeko 10:00etarako, plazara. Kana bat 83,6 zentimetro luze da. Bertako produktuekin eginak izan behar dute.
Epaimahaiak sei balore hartuko ditu kontuan: itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta osagaien txikitze tamaina. Hiru sari emango dituzte: irabazleari 300 euro eta txapela, bigarrenari 200 euro, eta hirugarrenari 100.
Bezperan, larunbatean, euskal artzain txakurren erakuskaldia egingo dute, 16:00etan, Mugertza baserriko zelaian.














