Mondejuak ez du sekreturik
Etxeko korridoreko koadroen kakoetan bost txapela ditu zintzilikatuta Maria Luisa Moreak, eta beste bi bilobei emanda dauzka. Zazpi txapela beltza, mondeju zuriaren egile estimatuena bihurtu dutenak. Azkeneko titulua herenegun lortu zuen Olegiberrin bizi den amezketarrak, Ardiki Egunaren barruan jokatu zen Zaldibiako 18. Mondeju Lehiaketa irabazita. Azken hiru urteotan jarraian jantzi diote txapela. Kanporako ez du mondejurik egin ohi, «izugarrizko lana» dutelako. Baina, herrian urtean behingo lehiaketan Morea izan da nagusi, beste behin. Denera hamar sari ditu: zazpi lehenengo, bi bigarren eta hirugarren bat. Halako zerrenda lortzeko, mondejuari egin beharreko sekretuaz galdetutakoan, lehen ezustekoa: «Ez dago sekreturik batere». Ohi bezala, Lazkaomendiko Maiz Goeneko Joxe Intxaustik hazitako ardia erabili dute Moreak eta familiakoek mondejuak egiteko; eta etxeko porruak eta arrautzak. «Tipularik batere ez diogu botatzen». Bezperan, larunbatean egin zituzten, etxean, senarraren, seme-alaben eta ofizioa ikastera arrimatu ziren iloben artean. Txikituak garrantzi berezia duela aitortu du, kalitatezko osagaiak erabiltzearekin batera. «Dena eskuz txikitzen dugu. Makinarik ez dugu inoiz erabiltzen, porruari min gustua eta ura gehiago ematen diolako. Eta egin aurreko momentuan txikitu behar dira osagaiak». Neurriak zehazterakoan, osagai garrantzitsuenak bai, baina besteak «begira» erabiltzen dituzte. Bigarren ezustekoa. «Irakin handirik ere ez du behar. Beroa termometrorik gabe kontrolatzen dugu. Gatz eta piper puntuak ere [...]
Kanporako ez du mondejurik egin ohi, «izugarrizko lana» dutelako. Baina, herrian urtean behingo lehiaketan Morea izan da nagusi, beste behin. Denera hamar sari ditu: zazpi lehenengo, bi bigarren eta hirugarren bat. Halako zerrenda lortzeko, mondejuari egin beharreko sekretuaz galdetutakoan, lehen ezustekoa: «Ez dago sekreturik batere».
Ohi bezala, Lazkaomendiko Maiz Goeneko Joxe Intxaustik hazitako ardia erabili dute Moreak eta familiakoek mondejuak egiteko; eta etxeko porruak eta arrautzak. «Tipularik batere ez diogu botatzen». Bezperan, larunbatean egin zituzten, etxean, senarraren, seme-alaben eta ofizioa ikastera arrimatu ziren iloben artean.
Txikituak garrantzi berezia duela aitortu du, kalitatezko osagaiak erabiltzearekin batera. «Dena eskuz txikitzen dugu. Makinarik ez dugu inoiz erabiltzen, porruari min gustua eta ura gehiago ematen diolako. Eta egin aurreko momentuan txikitu behar dira osagaiak».
Neurriak zehazterakoan, osagai garrantzitsuenak bai, baina besteak «begira» erabiltzen dituzte. Bigarren ezustekoa. «Irakin handirik ere ez du behar. Beroa termometrorik gabe kontrolatzen dugu. Gatz eta piper puntuak ere begira», dio Moreak.
Egileen artean probatzen joaten dira. «Iritzia denok ematen dugu, baina azkeneko erabakia Marilurena da», dio, albotik, Sebastian Iraola senarrak.
Mondejutan Mari Jose Alkaiaga geratu zen txapeldunorde, eta hirugarren Modesta Sukia eta Josune Etxeberria, elkarrekin.
Aralarko gazta, Intsaustirena
Ardiki horrez gain, Aralarko Gaztaren 15. Txapelketa ere burutu zen igande eguerdian Zaldibian. Irailean Legazpin Gipuzkoako txapela jantzi zuen Joseba Intsausti ordiziarrak irabazi du. Haren aitak jaso zuen saria. Bigarren Karlos Otegi bedaioarra izan zen, iazko irabazlea. Eta, hirugarren, Migel Amiano altzotarra.
Festa giroan garatu zen Ardiki Eguna. Artzaintza munduarekin lotutako lanek, produktuek eta jakingarriek jantzi zuten plaza ingurua. Bazkaritan hirurehun bat lagun izan ziren, ardikia jateko.
Larunbatean, euskal artzain txakurren erakustaldia egin zuten Mugertzan, lehenengo aldiz. Sei artzainek parte hartu zuten, beste horrenbeste zakurrekin.














