Argazkiak: Carlos Mediavilla
Pasa den denboraldiko bi oilarren arteko partida zen, eta Axio Araña entrenatzaileak ahalegin berezia eskatu zien jokalariei. Esan eta egin. Ordiziako taldeak konzentrazio eta joko maila ona erakutsi zuen, sendo atera ziren zelaira, eta markagailuan lortutako aldea da nagusitasun horren erakusgarri. Quesos Entrepinaresen kontrako partida 34-13 irabazi zuten ordiziarrek, eta erasoko bonusari esker, bost puntu lortu dituzte, inor gutxik espero bazuen ere.
Etxekoen nagusitasuna agerikoa izan bazen ere, partida aldapa gora jarri zitzaien aurreneko minutuetan, Gutierrezek Valladolideko taldearentzat zigor kolpea gauzatu eta gero. Bost minuturen buruan etorri zen etxekoen erantzuna, talde osoaren jokaldi baten ondoren, Sills-ek lortu zuen entseguarekin. Hor hasi zen partidaren norabidea aldatzen; hasierako minutuetako indarra galdu zuten bisitariek, eta etxekoak nagusitzen hasi ziren. Gutierrezen entseguari eta zigor kolpeari esker, ordea, berriz ere aurretik jarri ziren Quesos taldekoak. Atsedenaldira 13na berdinduta iritsi ziren.
Atsedenean, 20. minututik aurrera erakutsi zuten indar eta izpiritu horri eusteko eskatu zien Axiok jokalariei. Hala egin zuten, eta berriz ere partidaren kontrola berreskuratu zuten. Krollek (48. minutuan), Alvarez de Eulatek (63.ean) eta Simpsonek (80.ean) egindako entsegu banari esker, 21-0eko partziala lortu zuten bigarren zatian.
Partidako argazkiak (Egilea: Carlos Mediavilla)