Ion Markel Saez de Urabain lazkaotarrak iPhonearekin ateratako argazkien erakusketa jarri du
Argazkiaren bat-batekotasuna, ohikotasuna eta berehalakotasuna harrapatzeko iPhone sakelako telefono eta kamera gailua erabili du Ion Markel Saez de Urabain argazkilari lazkaotarrak, azken proiektuan. Kalekumeak erakusketan 35 irudi ipini ditu. Herritar anonimoak dira ardatza, kalean.
Erakusketa Donostiako Okendo kultur etxean dago. Aurreko ostiralean zabaldu zuten, eta martxoaren 22ra arte egongo da ikusteko moduan.
Argazkigintza soziala lantzen du Saez de Urabainek, orokorrean; familiak erretratatzen ditu, eguneroko zereginetan, zehazki. Lazkaon jaioa da, 1970ean. Usurbilen (Gipuzkoa) bizi da gaur egun, familia osatuta. Txikitan, oporretan aitak ateratzen zituen argazkien oroitzapenak bultzatu du familia erretratuak egitera «Xehetasun txikiez zipriztindutako une bereziak jasotzen saiatzen naiz, ondoren, nire ukitu pertsonala emateko», dio Saez de Urabainek Interneteko bere blogean (www.ionmarkel.com).
Iphoneography delako argazkigintza aldaeran, Euskal Herriko espezialista bakanetakoa da. «Egunerokoak erakartzen du bere arreta, besteek ohikoa ikusten duten tokian, istorioa kontatzen du argazkien bidez», azaldu dute erakusketako arduradunek.