Eguzkiarekin batera loratu da feria ere
Aurtengo feria egunik ederrena izan zen atzokoa, eguraldiari begiratuz gero. Ondorioz, plazan eta inguruan sortzen den giroa ere biziagoa izaten da; salmentek ere horren araberakoak behar lukete, nahiz eta kontu hori ez den arau matematikoen logika berekoa.
Eguzkia lagun, lore eta landaretan erreparatu genuen bereziki atzo, deigarriagoak bihurtzen baitira. Dagoenekoz aleliak loretan dira (2,5 euro bakoitza) zuriak, moreak eta lilak aukeran. «Etxeko landarea» dela dio Iñaki Azanzak, «gutxi egiten dugu, gehiena loratokietarako, eta geratzen dena da merkatura ekartzen duguna». Kameliak ere bai, 15 euroan, eta txillarra, 5,50ean.
Iñaki Azanzak azaldu duenez, kanpotik ekarritako loreen merkatua zaildu eginda azken boladan. «Orain lore salmenta orokorrean gutxitu denez, ez da hainbeste ekartzen kanpotik, garraio kopuruak behera egin du eta denbora gehiago behar izaten du. Ezin zaio lehen bezain azkar edozein eskaerari erantzun». Bestalde, lore moztuetan irasagar japoniar (Chaenomeles japonica) adarrak, mimosa adarrekin batera zituen Juanita Murgiondo mutiloarrak, sorta 2 euroan salgai.
Landareetan berriz, tipulak azpimarratu behar dira, izan ere hiru mota daude aukeran: udaberriko tipula edo tipulina esaten zaionaz gain, tipula buruzabala ere hasi da, bai buru gorri zapala eta baita zuria ere. «Azken hauek tipulinak ez bezala, urte osoan irauten du. San Josetarako aldatu behar dela esan ohi da, baina lehenago aldatzeak ere kalterik ez dio egiten» adierazi digu Esther Illarramendi Ibarrakoak.
Goizeko patata landarea ekartzen datorren astean hasiko deneko kontua eman digu Jabier Lacalle aguraindarrak.
Kanpoko produktu saltzaileetara hurbilduz Nafarroko Erriberako hondamendia dute aipagai; hala ere, horburu eskasiarik ez da. Eta atzo, Doñanako gari zainzuriak ekarriak zituzten (kilo erdiko sorta 3,50 euroan); orain artekoak Perukoak ziren.














