Beasaingo Udalaren logo berria aurkeztu dute
Gaur goizean egin duten prentsaurrekoaren bidez Beasaingo Udalak irudi berria aurkeztu du. Garbiñe Zurutuza eta Zezilia Herradorrek azaldu dutenez, herriko ohiko harmarria erabiltzen jarraituko dute aurrerantzean ere, eta horren osagarri izango da logo berria. Logo hau egiteko helburua “Beasaingo Udalaren izaera berriaren adierazgarri izatea” da Herradorren hitzetan. Logoa sinboloaz eta “Gogo batez” leloaz osatzen da. “Dinamismoa eta gizatasuna transmititzen” duela esan dute eta “haserrerik gabe eta elkarlanean egindako proiektuaren bermea” izango dela zigilu hau.
Logo berria aurkezteaz gain, Beasaingo Udala murgilurik dagoen Loinatz jaien antolaketaren inguruan ere hitz batzuk esan ditu Zurutuzak. Jaietako programa osatzerakoan “herriko eragileek duten garrantzia” azpimarratu nahi izan dute eta egiten hasiak diren bileretan helburu nagusia “herritar eta eragileen ekarpenak jasotzea” dela esan dute. Horregatik, bihar arratsaldeko 18:30ean udaletxeko batzar aretoan egingo den bilerara joateko deia egin diete herriko eragile zein norbanako guztiei.