Juan Garzia legazpiarra euskaltzain urgazle izendatu dute
Akademiaren batzorde akademikoetan lanean ari diren 14 pertsona euskaltzain urgazle izendatu ditu Euskaltzaindiak, tartean Juan Garzia legazpiarra. 1955ean jaio zen Garzia eta itzultzailea eta idazlea da. EHUko Euskara Zerbitzuan egiten du lan eta ZIO Zientzia Irakurle Ororentzat bildumaren zuzendari eta hizkuntza-arduraduna da. EIZIEko lehendakaria ere izana da eta ‘Senez’ aldizkariko idazketa batzordeko kide ere bada. Euskaltzaindiaren Gramatika batzordeko kidea da.
Hauek dira bere liburuetako batzuk: Akaso (1987) eta Itzalen itzal (1993) ipuin liburuak eta Fadoa Coimbran eleberria (1995). Itzultzaile bezala, berriz, Bartleby izkribatzailea (1991), Shakespeareren Soneto hautatuak (1995), Borgesen Ipuin hautatuak (1998, Itzulpengintzako Euskadi Saria 1999an), Becketten Godoten esperoan (2001), eta Juan Rulforen Pedro Paramo (2001), adibidez.