Larrauldarrak garaile Gipuzkoako mus txapelketan
Jose Antonio Arizeta eta Juan Kortajarena larrauldarrek irabazi dute Seguran jokatu den Gipuzkoako mus txapelketako finala. Zestoako Joxean eta Antonio Bereziartua aita-semeak izan dira txapeldun ordeak. Hirugarrenak Segurako Ibai Telleria eta Josu Agirre izan dira eta laugarrenak Mutiloako Joxe Mari Murgiondo eta Luis Aranburu.
104 bikotek parte hartu dute eta 32 onenek Euskal Herriko txapelketako finala jokatuko dute martxoaren 9an Agurainen (Araba). Goierriko zortzi bikote sailkatu dira, aipatutako biak eta beste sei: Altzagako Kolestin Garmendia eta Jexux Urteaga, Aramako Iñigo Oiarbide eta Joxemari Gorostizu, Beasain eta Arriarango Jose Luis Perez eta Ramon Rodriguez, Idiazabalgo Montse Delgado eta Juan Manuel Aldasoro, Ordiziako Joseba Usabiaga eta Mikel Sanchez eta Segurako Iñaki Montero eta Keko Maiotz.
Emakumezko gutxik parte hartu dute, baina horietako batek finalerako txartela lortu du: Idiazabalen bizi den Montse Delgado zumarragarrak, hain zuzen ere.
Antolatzaileak gustura ageri dira. «Dena ondo atera da. Beti gertatzen da ezustekoren bat, baina aurten guztia primeran joan da. Eguraldia dela eta, jokalariak etxean geldituko ziren beldur ginen, baina 106 bikote sailkatuetatik bik bakarrik kale egin zuten. Jende askok zoriondu gaitu», aipatu du Xabier Albizu antolatzaileak.
Zaldibiako Zubiburu elkartekoek, ordea, ez dute horren pozik egoteko arrazoirik. Euren mus txapelketa ere larunbatean jokatu zen, baina iaz baino 20 bikote gutxiagok parte hartu zuten. Xabier Etxeberria eta Gaspar Goikoetxea zaldibiarrak izan ziren garaileak.
Izaro Etxeberria antolatzaileak dirurik ez galtzeko 85 bat bikotek parte hartzea behar dutela eta aurten 67 aritu direla aipatu du. «Seguran Gipuzkoako txapelketa jokatu zen, Ordizian errugbi partida izan zen eta eguraldi kaxkarra egin zuen. Horrek guztiak ez digu lagundu».