Joxe Ramon Agirre 'Marron': "Jendea informatzea da gure asmoa, eta inguru hauskorra zaintzeko heztea ere bai"
Lizarrustiko Parketxean zabalik dira, larunbataz gero, taberna, jatetxea eta aterpetxea. Joxe Ramon Agirre Marron mendizale ataundarrak hartu du ardura. Duela 22 urte ere han lan egin zuen, aterpetxea zabaldu zenean.
Nola animatu zarete Lizarrustiko Parketxearen kudeaketa hartzera?
Bizitzako destinoa den edo ez dakit, nahiz bidea egiten zeu saiatzen zaren. Lizarrusti inguruan aspaldiko urteetan ibili naiz, arrazoi batengatik edo besteagatik. Aterpea eta jatetxea hartzeko aukera atera zenean, buelta batzuk eman nizkion; planteamendu horri helduta nire enfoke berezi bat eman nahi nuen.
Zer bereizgarri da hori?
Otorduetatik eta jatetik aparte, nolabait eskaintza kultural zabalago bat ematea jendeari, hau bilgune izan dezan, bai ikus-entzunezko, bai erakusketa eta halakoak antolatuz. Nire asmoen barruan sartzen da, baita ere, hemendik kanpora, aterpetxearen inguruan zuhatzak egitea eta ardi mozketa batzuk egitean. Irailean txondor bat egiteko asmoa daukagu, baita ere.
Aralarren egonda, eta zeu mendizalea izanda, mendiak zer pisu izango du eskaintza horretan?
Bi hilabetean behin, jai goizetan ibilaldi bat antolatuko dut, hemengo trikuharrietara edo kobetara, hemengo gainetara. Ibilbide sail bat badut aukeratuta, bi hilabetean behinerako. Aralarko ibilbideak ezagutarazi nahi ditugu, edo Gaztaren Ibilbidea, Gipuzkoako Bira, Euskal Herriko Bira… Aukerak badaude.
Lizarrustik zer paper jokatuko du horretan?
Lizarrustiren inguruan dinamika bat sortzea da asmoa, indartu eta piztuko duena. Eta, indartuko duena, hain zuzen, aterpetxearen eginkizuna. Azkenean, etxe hau Aralarri begira dago, eta nik uste paper hori ere garrantzitsua dela. Asmo horrekin abiatu gara.
Ez duzu lehen aldia Lizarrustiko aterpetxearen arduradun gisa.
Ez. 1991n Felipe Uriartek eta biok hartu genuen. Aterpetxearen lehen urtea zen, eta hementxe pasatu genuen. Orduan hutsetik abiatu ginen; orain, egia esan, beste eskaintza bat badauka. Interpretazio gune bat dago, eta Gipuzkoako Parketxe Sareak berak kudeatzen duen informazio gunea; laguntza hori badugu. Ez gaude gu bakarrik hemen, alegia, albotik beste batzuk badira.
Parke naturalaren etxea izanda, mendizaletasuna garatzeko zer norabide hartuko duzu?
Gure asmoa, dudarik gabe, jendea informatzea da, eta jendea heztea ere bai: inguru hauskor batean dagoela, eta gozatzetik aparte zaindu egin behar dela ingurua. Erantzukizun apur bat badugu, jendea erakartzea nahi badugu ere, aldi berean hezi beharrean gaude.
Zer entzun duzu mendizaleengandik eta herritarrengandik Lizarrusti atzera irekiko dutela jakindakoan?
Jendea gogoarekin zegoen, askok galdetu digu noiz ireki behar genuen. Ongi etorriak izango dira. Ia lau hilabete egon da itxita, aurreko azarotik. Batez ere astebukaeretan-eta gabezia nabaritu da.