Parte hartze prozesua egingo dute hondakinak nola bildu zehazteko
Hondakinak gaika biltzeko sistemarik egokiena herritarrekin batera diseinatzeko parte hartze prozesua martxoan abiaraziko duela jakinarazi du Legazpiko udal gobernuak. Hasierako asmoa lau frakzio —organikoa, errefusa, plastikoa eta papera— atez ate biltzea bazen ere, negoziazio mahaian «bai herri plataformak, baita gainontzeko alderdiek erakutsi duten jarrera ikusita, atez ate bi frakzio biltzeko proposamena» egin du Bilduk, Kepa Urtzelai alkateak adierazi duenez. Plastikoa eta papera nola jaso, parte hartze prozesuan erabakiko da.
Maiztasuna, ordutegia, eta egunak zehazteko dauden arren, alkateak irekita utzi du organikoa egunero jasotzeko aukera. «Kuboak egun zehatzetan atera beharko diren arren, bi emergentzia gune ezarriko direlako organikoa edozein egunetan jaso ahal izateko». Ontzi arinen eta paperaren bilketa kubo indibidualetan atez ate jasoko den hala orain arte bezala kaleko edukiontzi bidez bilduko den parte hartze prozesuan erabakiko dute.
Parte hartze prozesua martxoan
Nola Eskola enpresak Sasieta Mankomunitatearekin eta Legazpiko Udalarekin elkarlanean diseinatu du prozesua. Hasteko, martxoaren 11n, 12an eta 13an aurreikusi dituzte hasierako bilera irekiak, 18:30ean zineman. Bilera hauen helburua «herritarren artean informazioa zabaltzea eta hauen iritziak, ekarpenak eta proposamenak» jasotzea da.
Hasierako bilera hauen ondotik, udal langileekin, jubilatuekin merkatariekin, gazteekin edo ikastetxeekin egingo dituzte bilerak martxoaren 18 eta 22 artean. Auzo ezberdinetako ordezkarien txanda izango da gero, apirilaren 8tik 25era. Behin, saio guztiak amaituta, hiru batzar ireki egingo dituzte maiatzaren 6an, 7an eta 8an hondakinen bilketa sistema definitiboa aurkezteko. Zabor bilketa berriarekin «%73 baino gehiago birziklatzea» lortu nahi du udal gobernuak, eta horregatik herritarren ahalegina «beharrezkoa» dela gaineratu du.